UHOLDEETATIK HILABETE
'Etxeetan eta negozioetan normaltasuna lortzeko asko gelditzen da oraindik'
Xabier Alkuaz Tafallako Udaleko zinegotziak, Txetxi Ruiz dendariak eta Angel Luis Iriso auzolanean aritu den herritarrak eman dute 'Faktoria'-n Tafallako egoeraren berri.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Nafarroa erdialdean uholdeak izan eta hilabetera, Tafallan izan da Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioa. Pixkanaka normaltasuna berreskuratzen ari diren arren, Xabier Alkuaz Tafallako Udaleko zinegotziak esan du etxeetan eta negozioetan oraindik ere "asko" gelditzen dela ohiko martxa berreskuratzeko. Tafallan ia 18 milioi euroko kalteak eragin dituzte uholdeek, eta oraindik etxera itzuli ezinda daude sei herritar.
Denda gehienak zabalik daude, tartean Txetxi Ruizen iturgintza negozioa. "Metro eta hogei zentimetro ailegatu zen gure dendan ura eta lokatza". Herritarrek haien dendako tresnak -tutuak eta abarrak- baliatu zituzten garbiketa lanetarako; egun hartan, hornitzaile bihurtu ziren, beraz.
Elkartasuna eta auzolana funtsezko izan dira kalteei aurre egiteko. Auzolana "ikaragarria" izan dela gogoratu du lan horietan aritu den Angel Luis Irisok, umoretsu: "Gazteena txapela kentzeko modukoa izan da, baina zahar asko ere bai. Beteranook gazteek bezala lan egin dugu, baina gero zaharren ondorioak pairatu ditugu: lunbagoak, tendinitisak..."
Espainiako Gobernuari ingurua larrialdi eremu izendatzeko eskatua diote, baina oraindik ez dago izendapenik. "Ez dakigu zehatz-mehatz noiz izango den", esan du Alkuazek.