Erremontea
Endika Barrenetxea: 'Erremonteak nik baino gaitz larriagoa du'
Buruz buruko erremonte txapeldunak ez du ulertzen erremonteak eskoletan lekurik ez izatea. Eusko Jaurlaritzarekin eta Foru Aldundiarekin harremanetan ari dira, bultzada eman diezaioten erremonteari.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Endika Barrenetxea buruz buruko erremonte txapeldunak argi adierazi digu, buruak irabazi zuela finala. Etengabe 'Endika, ez etsi' esaten zion bere buruari. Esan digu galtzeko beldurrez jokatu izan duela askotan, eta, oraingoan, 'ez izan irabazteko beldurrik' esanaz aritu zela Urrizaren aurkako finalean.
Finala bospasei aldiz ikusi du eta beste hainbeste aldiz ere ikusteko asmoa du hernaniarrak, ikusiz ere asko ikasten delako.
Endika Barrenetxeak CROHN-en gaitza du (2016ko Urrizaren aurkako finalak eragindako urduritasun eta tentsio giroan piztu zitzaion gaitza) eta azalpen zehatzak eman dizkigu jasotzen duen tratamenduari eta eragiten dizkion ondorioei buruz. Gaitzari buruz hain garbi hitz egitea eta gaitza izan arren kirolari txapelduna izatea pozgarria izaten da gaitz bera dutenentzat (Euskal Herrian 3.000 pertsona baino gehiagok dute Crohn-en gaitza).
Erremontearen osasunaz ere aritu gara Barrenetxea IV-arekn. Bere gaitzak baino sendabide zailagoa duela esan digu. Ez du ulertzen eskoletan erremontea ez eskeintzea. Euskal Kulturaren ikur garrantzitsua izanda, erakundeen aldetik bultzada handiagoa izan beharko lukeela iritzita, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan ari dira.
Alde baikorretik begiratuta, 'Jai-Alai active Experience' ekimenarekin oso pozik daude. Jende asko ari zaie bisita gidatuetara joaten eta erremontea barrutik ezagutzen. Kirol ikusgarria da, gozatzeko modukoa. Probatu nahi duenak Galarreta pilotalekuan du hitzordua ostegunero eta larunbatero.
Koteto Ezkurra eta Juan Karlos Intxauspe txapeldunek Endika Barrenetxeari buruz esandakoak ere entzungai izan ditugu 'Faktoria' saioan.