Alejandro Labaka
J.Bakaikoa:'Alejandrok negar egingo luke Amazonian gertatzen ari denarekin'
Alejandro Labaka, duela 32 urte hil zuten Amazonian. Indigenen alde gogor lan egin zuen, zubi lan garrantzitsua eginaz petrolio enpresekin eta horrelako misio batean hil zuten hogeitaka gezi sartuta.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Ecuadorreko Aguarico-ko gotzain izendatu zuten Alejandro Labaka beizamarra eta Amazoniako herri indigenekin txundituta geratu zen. Labaka-rentzat Ebangelioa, haien bizitza, hizkuntza, kultura, identitatea eta lurra salbatzea ziren eta haiengana hurbiltzeko arropak ere kendu zituen. Bilutsik hurbildu zen Huaoraniengana eta semetzat hartu zuten.
Baina Tagaeri-ek azal zurikoak etxe aurrean ikusi zituztenean, geziz hil zituzten, Alejandro Labaka gotzaina eta harekin joan zen Ines Arango moja. Berez, Alejandro Labaka petrolio enpresa handi batengandik babesteko asmotan joan zen haiengana, enpresaren asmoak azaltzera, baina haiek ez zuten hori horrela ulertu. Misio oso arriskutsua izan zen, baina horrela esan zuen Beizamakoak: 'geu ez bagoaz akabatu egingo dituzte'.
Hil eta 32 urtera, gertatu zena oroitzeko eta haren lana goraipatzeko 'Kultura arteko zubia' erakusketa dago ikusgai Bilbon, Deustuko unibertsitatean. Gero Donostian ere ikusgai jarriko dute erakusketa hori bera.
Joseba Bakaikoa fraide kaputxindarrarekin hitz egin dugu 'Faktoria'n Alejandro Labakari buruz eta asteburu honetan Vaticanon hasiko den Gotzainen Sinodoaz ere aritu zaigu. Amazoniari buruzko sinodoa izango da. Amazoniako egoeraz galdetuta, esan digu, 'Alejandrok negar egingo luke Amazonian gertatzen ari denarekin eta agiri sakona prestatuko luke Amazoniaren alde. Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearengana ere joango litzateke hitz egitera'.