Hildako preso baten aita
'Zaballan gauzak ez dira ondo egiten ari; hori seguru dakit'
Aurten bost preso hil dira Zaballako espetxean. Julio Gonzalezek, apirilean hildako Xabier Gonzalezen aitak, familiak bizitakoa azaldu du 'Faktoria'-n. Heriotzak sakon ikertzeko eskatu du Salhaketak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Urtea hasi zenetik bost preso hil dira Arabako Zaballako espetxean: lehen heriotza urtarrilean izan zen; otsailean bigarrena, beste bi apirilean, eta irailean azkena. Apirilaren 25ean zendu zen Xabier Gonzalez 28 urteko gernikarra; haren aita Julio Gonzalezek 'Faktoria'-n eman du testigantza. Etsipenez hitz egin du: "Ez daukagu zer eginik. Nire semea ez dute ekarriko. Zarata apurtxo bat ateratzen badugu eta beste bati ez bazaio ezer ez pasatzen, ba beno... baina duda egiten dut".
Kartzelako egoera ere salatu du: "Hor barruan gauzak ez dira ondo egiten ari; hori seguru dakit. Zuzendariak berak esan zidan bileran: 'hemen presoari estortsioa egiten zaio, baita senideei ere". Espetxeko zuzendariak telefono bidez jakinarazi zion Xabierren amari semearen heriotza: "Forentsea etorri zen, semearen gorpua hartu zuen, autopsia egin eta guri ez ziguten semea ikusten utzi".
Xabier "errepresalien beldur" zela azaldu du Julio aitak. Abokatuaren gomendioari jarraituz eraman zuten semea Zaballara, eta erabakiarekin "damututa" agertu da Julio: "Nik bizirik eraman dut eta hilik itzuli didate".
Xabier Gonzalezek ziegan kide zuen lagunaren testigantza ere jaso du Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioak, baita presoen aldeko Salhaketa elkartearena ere. Maialen Martinez de Marigorta elkarteko kideak adierazi du orokortua dela egoera, espetxe guztietan izaten direla heriotzak, tantakatzea "etengabea" dela. "Guk esaten dugu beti kartzelapeko heriotzen kausa kartzela bera dela; azken arrazoia gaindosia edo suizidioa izan, kartzelatik at ezin da ulertu. Normalizatzen saiatzen ari badira bost heriotza egotea kartzela batean... hori ez da normala; ezin daiteke ulertu heriotza hori kartzelatik kanpo".