Baso eskola Donostian
'Haurrek egiten dutena, egin nahi dutelako egin behar dute'
Larraitz Altuna, Donostiako Baso eskolako bidelaguna, Kevin Joyce, eskola horretako gurasoa, eta Madalen Goiria, Haziz Hazi elkarteko kidea, eskola alternatiboen inguruan aritu dira "Faktoria"n.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Hezkuntza sistema araututik kanpo dauden hezkuntza aukeren artean dago baso eskola. Eredu honen bultzatzaileek diote, ikasi beharreko guztia ikasteko aukera ematen duela basoak; diotenez, oso eremu aproposa da curriculumeko eduki guztiak lantzeko, eta jolas librea erabiltzen dute ikasteko tresna gisa, haurren erritmoak errespetatuz.
Donostian bada baso eskola bat, Bihotz Inguru eskola, sei urte arterainoko haurrak hartzen dituena eta Ulia mendian dagoena. Larraitz Altuna eskola honetako bidelaguna da, "haurren alboan gaude, ez euren aurretik, segurtasun emozionala ematen diegu guk". Haurrak egunero basora joaten direla azaldu digu Larraitz Altunak, "soilik alarma laranja dagoenean geratzen gara babeslekuan", eurena aire zabaleko hezkuntza eredua dela azaldu digu, ormarik gabeko eredua, bere esanetan gela batean ikasi daitekeen guztia iki baitaiteke basoan. Hala ere argitu du, sistema honen helburua "ez da haurrek nahi dutena egitea, baizik eta egiten duten hori benetan egin nahi izatea".
Kevin Joycen semea eskola horretara joaten da, eta bere semearen esperientzia kontatu digu "Faktoria"n.
Madalen Goiria Haziz Hazi eskola alternatiboen elkarteko kidearekin ere hitz egin dugu. Eskola eredu berrien beharra azpimarratu du berak, elkarte hau behar horretatik jaio zela dio. Madalen Goiriaren hitzetan, eskola librea eskubide bat da, eskubide demokratikoa, bere hitzetan, "estatuak sistema bakar bat inposatzen du, eta ez ditu eredu ezberdinak ahalbidetzen".
Baso eskolako haurren gurasoek jarraipena eman nahi diote sistema honi, eta horretarako Izadi eskola librea sortzeko lanetan ari dira, 6 urtetik 12 urtera artekoek ere aukera izan dezaten sistema alternatibo batean ikasten jarraitzeko.