Itxi

Gorka Knörr

‘Guk ez dugu indarkeria erabiltzen, sufritu egiten dugu’

Generalitateak Madrilen duen ordezkariak dioenez egunotan Katalunian gertatzen ari diren indarkeria ekintzak larriak izan arren, helburu politikoarekin bere onetik ateratzen ari dira. 

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Gorka Knörr Kataluniako Generalitateak Madrilen duen ordezkariak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan du bere onetik ateratzen ari direla egunotan Katalunian izaten ari diren liskarrak. Larritasunik ukatu ez badie ere, Knörrek esan du beste batzuetan ere horrelakoak jazo izan direla, esaterako UGT sindikatuaren mobilizazioetan, eta inork ez duela txintik esan izan. Espainiako Gobernuari leporatu dio Generalitateko ordezkariak arazoari heldu eta konponbidea bilatu ordez, kanpaina egiteko erabiltzea.

Knörrek gogoratu du oso argia izan dela beti Torra presidentearen indarkeriaren aurkako jarrera, eta nabarmendu du eurak ez direla indarkeria erabiltzen dutenak, sufritzen dutenak baizik.

Oso keinu garrantzitsutzat jo du, bestalde,  Juan Jose Ibarretxe lehendakaria atzo Quim Torraren alboan agertu izana. Protesta baketsuak goraipatzeko toki aproposa zela uste du Knörrek.  Estatuaren indarkeriari erantzun bateratua emateko eskaria ere egin die Katalunia, Euskal Herria eta Galiziako demokrazia zaleei.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)