Itxi

Kentuene jatetxea

'Kentuene' jatetxearen azken egunak emozio handiz ari dira bizitzen

Usurbilgo 'Kentuene' jatetxea itxiko dute azaroaren 10ean. Arantxa Unanue eta Oihana Añorga ama-alabekin hitz egin dugu jatetxearen historia errepasatuz. Bezero guztiei eskerrak eman nahi dizkiete.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Usurbilgo Sagaltxipi baserria XVI. mendeko baserria da. Kentuene jatetxea baino lehen sagardotegia izan zen. Ba dira 1701. urteko agiriak sagardotegia zela diotenak. Sagardotegiko menuan zentolloa sartzen hasi ziren eta horrek sekulako sona eta ospea eman zien. 70eko hamarkadan hartu zuen jatetxeak azkenera arte izan duen itxura. Sagarrak gordetzeko erabiltzen zen ganbaran dago jangela goxoa, zurezko sabai eta habeekin, haritzezko zoru ederrarekin eta familiako argazki zahar eta Arantxa Unanuek margotutako koadroekin apainduta.

Milaka otordu gozatu dituen jatetxean ordea, ixteko erabakia hartu dute. Amak erretiroa hartzeko adina bete du eta atsedena nahi du, oso lanbide gogorra delako, ordu asko sartu behar direlako. Seme alabek, oraingoz, euren ikasketekin  lotutako lanei heldu nahi diete eta ez dute jatetxearen martxa hartu nahi, familia bizimoduarekin uztartzeko oso lanbide zaila delako, besteak beste.

Itxiko dutela jakin denean, bezero asko penaz eta hunkituta ari zaizkie hurbiltzen eta horrelaxe bukatu dugu elkarrizketa ere 'Faktoria'n, ama Arantxa eta alaba Oihana hunkituta. 

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)