Zeuk Esan
'Zeuk Esan' zerbitzuak artatzen dituen kasu gehienak bullying arazoak dira
Adingabeentzako telefono bidezko aholkularitza zerbitzua, doakoa, anonimoa eta isilpekoa da eta Kepa Torrealdea koordinatzaileak esan digu azken urteetako dei kopuru handiena jazarpen kasuak direla.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Duela bederatzi urte sortu zuen Eusko Jaurlaritzak 'Zeuk Esan' zerbitzu psikopedagogikoa, nerabeei zuzenduta. 116 111 telefono zenbakian ematen dute aholkularitza zerbitzua.
Kepa Torrealdea psikologoa da zerbitzuaren koordinatzailea eta bera ere aritzen da telefonoa erantzuten. 'Faktoria' saioan gogora arazi digu 'nerabezaroa sasoi oso konplikatua dela barrutik eta kanpotik aldatzen ari direlako eta aurrera begira askotan ez dakitelako oinez nola hasi ere eta zertarako hasi behar duten ere ez. Horrelakoetan norbaiten aholkua edo norbaitek entzutea ondo etortzen zaie. Gurasoekin, lagunekin, bikotearekin eta euren buruarekin dituzte arazoak'
Kepa Torrealdeak adierazi digu azken sei, zazpi, zortzi urte hauetan bullying edo jazarpen kasuak direla 'Zeuk Esan' zerbitzuan gehien artatzen dituzten kasuak. Arazo hauen atzean dauden arrazoiei begira, 'askotan jendez inguratuta bizi gara, baina jendea oso bakarrik dago' esan digu koordinatzaileak.
Bultzada eman nahi diote orain 'Zeuk Esan' zerbitzuari. Haurtzaroaren Eskubideen Nazioarteko Eguna izango da Azaroaren 20 an eta Lehendakaritzan ekitaldia antolatu dute. Isidro Elezgarai Unicef Euskadiko presidenteak hartuko du parte.
Horrez gain Euskal Telebistako 'Go!azen' telesaileko aktoreak (Maria Redondo eta Nikola Zalduegik) agertuko dira ZEUK ESAN zerbitzua sustatzeko spot-ean.