Josu Erkoreka
‘Jaurlaritza mezuak bidaltzen hasia da Aita Mari lehorreratzen laguntzeko’
Eskumen diplomatikorik ez duen arren bidea egin nahi du Jaurlaritzak, Aita Marik erreskataturiko migratzaileei harrera egiteko. Proiektua babestu izanagatik gustura dago gobernua.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n adierazi du Aita Mari ontziak lehorreratu ahal izateko bitartekaritza lanak egin nahian ari dela Jaurlaritza. Erkorekak gogoratu du ez duela Jaurlaritzak eskumen diplomatikorik, baina jada mezuak igorri dituela hainbat gobernutara euren planteamenduak onartuak izan daitezen. Jaurlaritzak Aita Mariren proiektua hasieratik babestu duela gogoratu du sailburuak, eta horrekin gustura dagoela adierazi du.
Pedro Sanchez presidente izendatzeko iruditzen zaio hurbilketa egon daitekeela ERCrekin, gobernua osatu nahi dutenek kataluniarren eskakizuna onartzea bideragarri izan daitekeela esan ondoren.
Gobernu berriari Jaurlaritzak eskatuko dio aurrekoak autogobernua betetzeari buruz hartutako konpromisoak berrestea. Elementu juridiko berri bat dagoela ere esan du, hilabete honetan Auzitegi Konstituzionalak emandako epai bat, aitortuz Espainiako Gobernuak zor dizkiola Jaurlaritzari Estatutuan aipatzen hitzarmen batzuk sinatzea. Aldeei eskatu die Konstituzionalak lehenbailehen hitzarmen horiek sinatzeko ados jar daitezen.
Eusko Jaurlaritzaren datorren urteko aurrekontuei buruz, Erkorekak ziur esan du momentuz ez dagoela akordiorik itxita Elkarrekin Podemosekin, EHBilduk hala iradoki badu ere. Negoziazioa irekita dagoela esan du, eta guztiekin hizketan segiko jarrera irekiarekin dagoela gobernua.
BIDEOA: Jonan Fernandezen ustez, 'Aita Mari' ontziak egin beharrekoa egin du: