Faktoria, azaroaren 26an
Durangoko Azokaren aurreko zurrunbiloaz, asteartean, 'Faktoria'n
Leitzaran grafikagintzara bisita egingo dugu eta Elkar, Pamiela eta Erein argitaletxeetako ordezkariak izango ditugu. Magazinean, EH Sukarraren 30 urteko bideaz hitz egingo digu 'Norton' Gorosabelek.
Hamar egun baino ez dira falta erakusleihoa zabaltzeko, euskal kulturaren erakusleiho handia zabaltzeko. Durangoko aurtengo azoka abenduaren 5ean abiatuko da. Ekitaldiz, aurkezpenez, musikaz eta liburuz beteko dira Landako eta inguruak, lau egunez. Berehala dator olatua, eta olatu horretatik burua ateratzen ari dira egunotan argitaletxeak eta inprimategiak. Horietako batera egingo dugu bihar bisita 'Faktoria'n: Leitzaran grafiketara. Estudioan Elkar, Pamiela eta Erein argitaletxeetako editoreak izango ditugu. Egun hauetan duten egitekoaz eta, oro har, euren lanaz hitz egingo digute Xabier Mendiguren, Pello Elzaburu eta Iñaki Aldekoa editoreak.
Solasaldiaren tartean, Iñaki Galdos, Julen Orbegozo eta Javier Diaz Noci batuko ditugu. Goizeko zortziak jo aurreko iritzi-jarduna, berriz, Amatiñorena izango da astearte honetan.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, EH Sukarra taldeak 30 urte bete dituela gogoratzeko, Mikel Norton Gorosabel izango dugu. '50 Kilometro' tartean, Orreagatik Auritzera joko dugu. 'Direnak eta ez direnak' tartean, Xabier Amuriza, Nerea Ibarzabal eta Karlos Cid 'Black Friday' egunaz eta kontsumo arduratsuaz ariko zaizkigu. Gainera, Ikuspegi Immigrazio Euskal Behatokiaz hitz egingo digu Arkaitz Fullaondok.
07:00etatik 13:00etara ariko da lanean 'Faktoria'.