Faktoria, abenduaren 11n
Markel Olano, asteazkenean, 'Faktoria'n
Gipuzkoako ahaldun nagusiak 09:00ak aldera erantzungo die Maite Artolaren galderei. Gainera, larrialdi klimatikoa izango dugu hizpide hainbat aditurekin.
Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano izango da asteazken honetako 'Faktoria'ko gonbidatu nagusia. Goizeko 09:00etatik aurrera erantzungo die Maite Artolak egingo dizkion galderei.
Gainera, klima aldaketari buruzko goi bilera jarraitzen ari diren adituen iritziak jasoko ditu saioak, bilkura horrek eman lezakeenaren neurria hartzeko. Unai Paskual ikerlariaren eta Aitor Urresti Balearretako klima aldaketarako bulegoko zuzendari nagusiaren iritziak jasoko ditugu, baita Santi Otxoa de Eribe Goiener kooperatibako zuzendariaren, Lorea Flores Hego Euskal Herriko Greenpeaceko bozeramailea eta Madalen Iza fisikan doktore eta meterologoarenak ere.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, txurroak jateko ohitura dago Santa Luzia egunean, eta Iker Markinez sukaldariak etxean txurroak egiten erakutsiko digu. Bestalde, kannabisaren erabilera terapeutikoari buruzko ikastaroa antolatu dute botikarientzat eta Sergio Barrondo farmazia doktoreak guri emango digu ikastaroa. Azkenik, Joxe Azurmendi filosofoari buruzko kongresua hasiko den egunean, Markos Zapiain filosofia irakasleak aurreratuko dizkigu Azurmendi-ri buruzko gauzarik jakingarrienak
07:00etatik 13:00etara ariko da lanean 'Faktoria'.