Itxi

Urtarrilaren 14an

Itxaso Atutxa, 'Faktoria'n

09:00etan elkarrizketatuko dugu Bizkai Buru Batzarreko lehendakaria. Gainera, Nafarroako herri batzuetako despopulazioaz hitz egingo dugu.

Itxaso Atutxaren artxiboko irudi bat. Argazkia: EiTB

Itxaso Atutxa, Bizkai Buru Batzarreko presidentea, 'Faktoria'n izango dugu asteartean, urtarrilak 14, aktualitate politikoaz hitz egiteko. Iñigo Urkullu lehendakarigai izango da berriro, hirugarrenez, eta Euzkadi Buru Batzarra ere aukeratu behar du EAJk. Gai horiei buruz eta Espainiako Gobernuaz galdetuko dio Maite Artolak, 09:00etan.  

Bestetik, Nafarroako zenbait herritan hasi den despopulazioa eta, batez ere, Pirinioetan dutena aztertuko dugu, 09:30etik aurrera. Herritarren iritziak entzungo ditugu, eta gurean izango dira Erronkaribarreko lehendakaria eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak.

10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Tania Arriagak autoa ondo garbitzeko dekalogoa osatuko du eta, segidan, Arrasaten autoentzako garbitegi publikoko ur kontsumoa murrizteko hartu dituzten neurriak ezagutuko ditugu. Bestalde, Barakaldoko Bihotz Solidarioak elkarteak egoitza propioa lortu du, eta bertan izango gara. Gainera, "Neri, Mari eta Lari" antzezlanaren berri emango digute Galder Perezek eta Neri Urzelaik, eta Sergio Villar ingeniari eta musikari autodidakta ezagutuko dugu. Diskoa argitaratu du eta zuzenean aurkeztuko digu. 'Sukaldari Dema'n, Begoña del Teso zinema-kritikariak zer jaten duen jakingo dugu, eta Igor Zalakainek eta Pili Manterolak horren araberako errezetak prestatuko dituzte. Azkenik, txokolatearen inguruko egia eta gezurrak azalduko dizkigu Alazne Agirrezabalaga dietista eta nutrizionistak.

07:00etatik 13:00etara izango da zabalik 'Faktoria'.

Informazio gehiago (4)