Urtarrilaren 15ean
Alberto Lopez Basaguren, 'Faktoria'n
Estatutu berriaren testu artikulatua idazteko Alderdi Sozialistak izendatutako aditua izango dugu 09:30ean. Magazinean, Izaro Andres eta Asgarth taldeko kideak izango ditugu.
Alberto Lopez Basaguren EHUko Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna eta Estatutu berriaren testu artikulatua idazteko Alderdi Sozialistak izendatutako aditua izango da bihar Euskadi Irratiko 'Faktoria'n gonbidatu nagusia. Legebiltzarrean agerraldia egin eta biharamunean erantzungo die Maite Artolaren galderei, 09:30etik aurrera.
Gainera, Ane Irazabal Italiako berriemailearekin hitz egingo dugu Benedikto XVI.a aita santu emerituaren eta Frantzisko aita santuaren arteko tirabiraz. Solasaldian, Iñigo Aduriz, Mikel Irizar eta Hedoi Etxarte ariko dira aktualitatearen analisia egiten. 08:00ak aurreko 'Sinadura' Ana Aizpirik idatziko du.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Sagardotegietan txotx denboraldiaren irekiera egingo dute bihar Astigarragako Alorrenea sagardotegian. Izaro Andres abeslariak irekiko du txotxa, eta gurekin izango dugu 10:00etan. Bestalde, Asgarth musika taldearen itzulera ere albiste garrantzitsua izan da azken aldi honetan, eta taldeko bi kide etorriko zaizkigu: Asier Enbil eta Mikel Yarza.
07:00etatik 13:00etara izango da zabalik 'Faktoria'.