Itxi

Pentsiodunak

Aldarrikapenean denak ados, harturiko bidean ez

Urtarrilaren 30ean egingo den greba orokorraren inguruan dauden desadostasunez aritu dira Xabier Isasa, Pentsiodunak Martxan elkartekoa, eta Joxe Agustin Arrieta, Aguijupen elkartekoa.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Greba orokorraren atarian, alderdi politikoen eta sindikatuen artean ez ezik, eztabaida pentsiodunen artean ere sortu da. Mugimenduak elkartasuna izan behar duela oinarri ados daude Xabier Isasa Pentsiodunak Martxan elkarteko kidea eta Joxe Agustin Arrieta Aguijupen elkartekoa. Arrietak ordea, pentsiodunen aldarrikapenean elementu berriak sartu direla adierazi du 'Faktoria'n: sindikatuak.

Mugimendua sindikalgintzatik eta politikatik at egon behar duela uste du Arrietak; ez ordea Isasak. Pentsiodunak Martxan elkarteak uste du gizarte osoaren arazoa dela eta ez da sindikatuen beldur agertu. Eragile sozialen eta sindikalen laguntzak zuzenean eragin dezaketela pentsioen mugimenduan uste du Isasak, eta beraz kontuan izateko perspektibak direla.

Oinarrizko eskakizunetan adostasuna agertu dute biek ala biek. Besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko errenta bateratua eskatu dute, baita pentsioak KPIaren arabera moldatzea eta alargunen pentsioa % 100ekoa izatea ere.

Urtarrilaren 30an egingo den greba orokorrarekin bat etorri ez arren, "zubiak ez puskatzea" beharrezkotzat jo du Arrietak. Gaineratu du greba ondorenean ikusi beharko dela hemendik aurrerako ibilbidea, baina ez duela pentsiodunen artean harremana hozterik nahi. Isasak mobilizazio berria "urrats berria" dela aldarrikatu du ergaile sozialekin bat eginez, eta errealitate guztia hartu behar dela kontuan esan du. Grebara joan edo ez, pentsiodunek zubigintzan jarraitu behar dutela berretsi dute.

Albisteak (1)

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)