'Faktoria', ostegunean
'Faktoria', Mendigorrian
Herrian D eredua jartzea eskatzen ari dira hainbat guraso Mendigorrian eta euren ahotsa jasoko dugu. Josune Gorospe diputatu jeltzalea ere elkarrizketatuko dugu.
Herrian D eredua jartzea eskatzen ari dira hainbat guraso Mendigorrian. Euren seme-alabak euskaraz eskolatu nahi dutela adierazi dute baina, horretaz aparte, Nafarroako erdialdea husten ari den honetan, herrian eskola publikoari eusteko bide bakarra dela ere badiote. Aritz Agirre lankideak hitz egin du eurekin eta ostegun honetako 'Faktoria'n kontatuko digu, Mendigorriatik bertatik, zein eragin dituen Nafarroako Hezkuntza Kontseilaritzak hartu duen erabakiak. Eunate Lopez alkatea ere elkarrizketatuko du bertan.
Goizeko 09:30etatik aurrera izango da hori. Aurrez, solasaldian, Martxelo Otamendi, Xabier Riezu eta Javier Diaz-Noci batuko dira analisi-mahaian. Eta aktualitatea aztertzen ari direla, elkarrizketatuko dugu Josune Gorospe diputatu jeltzalea. Carolina Darias Espainiako ministroak funtzio publikoan lanean aritzeko euskara ez dela derrigorrezkoa erantzun dio.
10:00etan ekingo dio magazinari Manu Etxezortuk. Hasteko, Endika Alabrot ekonomialaria funts handiez ariko da, eta horien kaltetuetako batekin ere hitz egingo dugu. Durangoko Eguen Zurian ere izango gara, eta Tolosako inauteri berdinzaleen alde egindako lanaz hitz egingo dugu Silvana Ostizarekin.Jarraian, Tolosako txupinazoarekin bat egingo dugu, Ataria-ren seinalearekin bat eginez. 12:00etan, "ETA-ren agiri bulegoa” antzezlana ezagutuko dugu Galder Perez eta Ane Zabala aktoreekin, eta Tabakaleran egingo duten mozorro trukean egongo gara.
07:00etatik 13:00etara izango da zabalik 'Faktoria'.