Nekane Balluerka
"300.000 lagunetik gora formatu dira EHUn eta horiek dira gure gizartearen motorra"
Bihar beteko dira 40 urte Euskal Herriko Unibertsitatea administratiboki sortu zela. Urteurren honetara osasun egoera "oso ona" dela dio. Diziplinartekotasunean ikusten du etorkizuna.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Ikasle gisa hasi eta errektoretzaraino, 30 urte egin ditu unibertsitatean Nekane Balluerkak. Eskarmentu horretatik adierazi du EHUren osasun egoera "oso ona" dela. Shangaiko rankingean 500 unibertsitate onenen artean dagoela gogoratu du eta aurten nobel sari batek -Albert Fert fisikariak-"gure unibertsitatea aukeratu duela" bertara etortzeko. Hala ere, ikerketan lehiakorrak izateko "aurrekontu gehiago eta aurrrekontu hori kudeatzeko malgutasun gehiago" eskatu ditu beste behin.
Gogoratu du 40 urte hauetan 300.000 lagunetik gora formatu dituela unibertsitateak eta horiek direla "gaur egungo gizartearen motorra". Aurrera begira, adierazi du, disziplinartekotasunaren aldeko apostua egin behar duela unibertsitateak, gizartea bera ere norabide horretan doalako. Alde horretatik aldarrikatu du kalitate ajentziek burokrazien zurruntasuna hautsi eta onar ditzaten titulazio konbinatu berriak. Nazioartekotzan sendotzea du beste erronka EHUk, eta ildo horretatik oso inportatea jo du Europako 8 unibertsitaterekin konsorzioan abiatu duten elkarlana. Euskarazko eskaintza handitzeko egin dituzten urratsak ere azpimarratu ditu Balluerkak.
Gaur hasita azpikontratutako garbitzaileak egiten ari diren greba dela eta, adierazi du langile horiek euren aldarrikapenak egiteko duten zilegitasuna baina adierazi du euren enpresak hitzarmena betearaz dezan eskatzea besterik ezin duela egin EHUk.