Itxi

Aitor Esteban

“EAJk baietz esango dio alarma egoera luzatzeari, zentzua dauka horrela jarraitzeak”

Leer en Castellano

Jeltzaleen kongresuko bozeramaileak dio oreka bilatu behar dela, segurtasuna bermatuta, konfinamendu neurrien eta jarduera ekonomikoari eustearen artean.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan iragarri du jeltzaleek baiezkoa bozkatuko dutela asteazkenean Espainiako Gobernuak alarma egoera bi astez luzatzeko eskaria egiten duenean. Estebanen esanetan egoera larria da, “kasuak gorantz doaz eta testuinguru honetan zentzua du egoera honekin jarraitzeak”. Bozeramale jeltzaleak gogorarazi du, hala ere, 15 egun horiek beharrezkoak ez balira Sanchezen gobernuak beti daukala aukera epealdi hori laburtzeko.

Orain arte agindutako konfinamendu neurriak egokiak direla uste du Estebanek eta azpimarratu du zorrotzagorik hartu behar bada horiek adituen aholkuaren arabera hartu beharko direla. Argi utzi du gauza guztien gainetik segurtasuna jarri behar dela, baina hori bermatuta, oreka bat bilatu behar dela uste du konfinamendu neurrien eta jarduera ekonomikoari eustearen artean. Uneotan enpresa batzuk ateak ixteak, bere ustez, ekar dezakeelako gero ezin zabaltzea, eta lanpostuak desagertzea.

Sanchezek autonomietako osasun eta segurtasun zerbitzuen agintea hartu zuenetik hemengo zerbitzuekiko errespetuz ari dela Espainiako Gobernua onartu du Estebanek, erakundeetan erabaki katea errespetatuz eta elkarrizketa baliatuz. Euren eskaria hori zela gogorarazi du.

Ez du polemikarik sortu nahi izan Espainiako armada Euskal Herriko hainbat eremutan garbiketa lanak egiten ari dela eta. Bere esanetan “batzuei iruditzen zaie garrantzitsuagoa ejertzitoa ikustea eraginkorra izatea baino. Euren ardurapean diren tokietarako erabili nahi badute, erabil dezatela”.

Hartutako neurri ekonomikoen inguruan, egoki jo du Europako Banku zentralak estatuen zor publikoa erosteko armoa iragarri izana. Horretaz gain, iruditzen zaio jeltzaleen bozeramaleari Europar Batasunak MEDE egonkortasun tresna martxan jartzeko une egokia dela, besteak beste Europa mailako langabezia sistema ezartzeko.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)