Itxi

Autonomoak 

Diru sarrerarik ez, baina gastuak ugari

Leer en Castellano

Koronabirusagatik ezarritako alarma egoerak autonomo asko jarduera eten beharrean utzi ditu, eta ohiko gastu askori aurre egiteko zailtasun handiekin.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Ziurgabetasun handiarekin bizi dute egungo egoera autonomoek.

Oraintxe zen hasia urteko lanaldi emankorrena Aitor Atutxa Bermeoko Tarratadie etxeko jostunarentzat, eta bat-batean heldu da etena.

Diru sarrerak bat-batean desagertu dira eta kasu batzuetan gastuak ere murriztu diren arren, alokairua, maileguak, argindarra edota aseguruak ordaintzen segi beharreko gastuak dira. Txabi Emaldia Zornotzako Xiberu tabernako ugazabak gogoratu du gainera, gastuak bikoitzak direla, negoziokoak ez ezik euren etxekoak ere ordaindu behar izaten dituztelako, eta iturria bakarra zelako.

Espainiako gobernuak onartu du autonomoentzat prestazioa, langabeziaren parekoa litzatekeena, eta gutxienez 661 eurokoa izango dena. Alazne Iraeta Urretxuko Adats ileapaindegiko jabeak dio prestazio horrekin ezin izango zaiela  gastu guztiei aurre egin.

Hain zuzen orain arte bideragarri ziren negozioek alarma egoeraren ondoren jarraitzea posible izan dezaten Eusko Jaurlaritzak aurreko astean onartu zituen bermeak tramitatzen hasia da Elkargi, elkarrekiko berme elkartea. Autonomoek kasuan 50.000 eurora arteko maileguak jaso ditzakete, interesik gabekoa, eta 5 urtetan itzultzekoa. Gainera, lehenengo urtean, jarduera ekonomikoa motelena izango den honetan, kuotarik ordaintzeko derrigortasunik ez da izango. Enpresa ertainen kasuan, milioi batera artekoa izan daiteke mailegua, baldintza bertsuetan.

Luix Barinagarementeria abokatuak baieztatu digu asko ugaritu direla azken egunotan bulegoan kontsultak. Laguntzak zein kasutan dagozkien azaldu du Faktorian, nahiz eta onartu duen kasu guztietan legedia ez dela behar bezain argia.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)