Itxi

Garbiñe Aranburu

"Arduragabea da EAJ Madril presionatzen aritzea enpresak zabalik mantentzeko"

Leer en Castellano

Jaurlaritza eta patronala ondorena prestatzen ari direla salatu du Aranburuk, geroko neurriak langileen bizkar hartzeko. Salatu du osasungintzan falta diren EPIak soberan direla hainbat lantegitan.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n esan du EAJ eta Confebask ari direla neurrigabeko ahaleginak egiten industriako produkzioari eusteko. Salatu du  jeltzaleak Espainiako gobernuari presio egiten ari direla  funtsezkoak ez diren jarduerak ere zabalik mantendu ahal izateko eta arduragabekeria dela esan du, pertsonen biziak daudelako jokoan.

Aranburuk dio ezinezkoa dela, komunitate zientifikoak aholkatutako babes neurriak aplikatuta behintzat, lantegietan jarduerari eustea.

Osasungintzan

Lotsagarri jo du, bestalde, enpresa askotan soberan izatea langileak babesteko ekipamenduak eta aldiz osasungintzan eta adinekoen egoitzetan lan egiten dutenak babes material nahiko gabe egotea, kasu askotan babes ekipoak euren  eskuekin egin beharrean. Garbitzaileen egoera bereziki larria dela azpimarratu du LABeko idazkari nagusiak.

Ospitaleetan eta osasun zentroetan materialari dagokionez hasierako hutsuneak konpontzen joan direla esan du Aranburuk, baina dramatikoa dela adinekoen egoitzetako egoera. Materiala faltaz gain lantaldeak oso direla murritzak, karga emozional handiarekin ari direla, euren osasunari eta ematen duten arretari zuzenean eraginez.

Ondorena

Aranburuk uste du Jaurlaritza eta patronala oso katastrofistak ari direla izaten bi asteotako geldialdiak koma ekonomikoa izango duela esaterakoan. LABeko idazkari nagusiak uste du ondorena prestatzen ari direla, alarma egoera amaitzean egoerari buelta emateko hartu beharko diren neurriak langileen bizkar gainean uzteko.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)