Aste Santua
“Koronabirusarekin denok ari gara gurutz bidea pasatzen”
Kristau askorentzat nor bere baitan bilduta bizitzeko egunak badira, aurten are modu intimoagoan bizi beharko dituzte, konfinamendu agindua dela eta.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Aurtengo aste santua oso berezia izango dela aitortu digute Euskadi Irratiko 'Faktoria'n Felix Azurmendi eta Aingeru Merika-Etxeberria apaizek.
Azurmendi Azkoitiko erretorea da eta parrokian egingo dituzte aste santuko elizkizunak, baina eliztarrik gabe. Youtubeko euren kanalaren bidez emango dituzte zuzenean, jarraitu nahi duen ororentzat.
Aingeru Merika-Etxeberria ez dute ikusi azken astoetan Elantxobe, Ea, Nabarniz eta inguruko herrietako elizetan. Santa Clara komentuko mojen kapilau ere bada, eta haiengana ere ezin du joan. Beste apaiz kide batekin batera, etxean, bakardadean egingo dituzte egunotako otoitzak.
Merika-Etxeberriak nabarmendu ditu elizara joaten zen jendea bera izan zela gero etorri diren gomendioei aurre hartu, eta mezetara ez joateko erabakia hartu zuena, kutsatzeko arriskua zegoelako.
Azurmendik uste du indarrean dauden dekretuek, dagozkien babes neurriak errespetatuta, ez dutela eragozten elizara joatea. “Ezin dute debekatu”, azpimarratu du. Elizkizun jendetsurik ezin dela argi duen arren, ez du eragozpenik ikusten dagokion distantziak mantenduta, eliztar bakar batzuk elkartzeko. Elizbarrutiak arduraz jokatzen ari direla nabarmendu du.
Ehorzte mingarriak
Bai Azurmendiri, bai Merika-Etxeberriari, biei tokatu zaie ezohiko egoera honetan hildakoren bat hilerrian ehorzten laguntzea. Hiletarik egin ezinda, berez mingarriak diren uneak are mingarriago ari direla izaten nabarmendu dute. Azurmendik gogoratu du aita agurtzerakoan hilerrian aleluia entzungai jarri zuen alabaren mina. Azpimarratu du min hori ez dela lasaituko, "aldi honetan hil direnei herrian agur handi bat egin arte".
Aste Santuko elizkizunak EITBn
Euskadi Irratiak, igandean, pazko eguneko meza emango du goizeko 7:30etan. ETB1ek eta EITB.EUSek berriz, Orioko Bariko San Nikolas elizatik eskainiko ditu Ostegun eta Ostiral Santuko elizkizunak. Ostegunean 19:00etan, ostiralean 17:00etan. Pazko igandeko meza, igandean 11:00etan izango da.