Itxi

Azokak

Gero eta udal gehiago ari dira, atzera, azokak antolatzeko erabakia hartzen

Besteak beste, Durangok, Tolosak eta Laudiok hartu dute erabakia. Ordizian hala ari dira alarma egoera ezarri zenetik. Bertako baserritarrek eskertu egin dute kontsumitzaileen babesa

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Jaurlaritzako Segurtasun sailak asteburuan iragarritakoaren haritik, ostiraleko agindua zuzendu eta azokak egiteko baimena eman du. Eta baimen horrek bidea eman die, orain arte, azokak debekatuta zituzten hainbat Udali, bertako ekoizleen produktuak saltzeko guneak antolatzekoa. Erabaki hori hartu dute, adibidez, Durango eta Gernikako udalak, baita Tolosakoak ere.  Bide horretik joko du gaur bertan Laudiokoak ere.

Jakina denez, osasun alarmari buruzko irizpideak berrikusi eta azokak aldi baterako bertan behera uzteko agindua eman zuen Jaurlaritzak pasa den astean. Erabaki horrek, ekoizle, ekologista, eta oro har, elikadura subirautza defendatzen duten 300 eragile baino gehiagoren gaitzespena eragin zuen, EHkolektiboak sustatuta. Bihamunean, atzera egingo zuela iragarri zuen Estefania Beltran de Heredua sailburuak eta aste honetako gobernu kontseiluan etorri da erabakia.

Zuzenketa egin aurretik ere, eta eskumena udalena dela argudiatuta, larunbatean bertan egin ziren azokak, besteak beste, Ondarroan, Oñatin, Deban edota Eibarren. Salmenta puntuak mugatuta eta segurtasun neurriak ezarrita, alarma egoera agindu zenetik Azpeitian edo hemen Ordizian astero egin duten bezala.

Ordizian, gaur, artzain eguna egitekoa zen. Apartekoa izatekoa zen gaurko feria. Ospakizunik gabe, apartekoa izan da, halere, gaurkoa. 50 lagunetik gorako ilada egin da frontoiko ateak 09:00etan zabaldu dituenerako. Bi metroko distantzia gordeta eta derrigorrez maskarak jantzita sartu dira saltzaileak. Barruan, hamar ekoizle; horien artean, Patxi Arizmendi, Miren Jauregi eta Jose Antonio Elosegi. Hirurek azpimarratu digute lehen sektoreari arnasa emateko eta euren produktuak saltzeko aukera izateak daukan garrantzia. "Supermerkatuetan egiten bada, honela zergaitik ez?". Kontsumitzaileen babesa eskertu dute eta poztu egin dira gero eta udal gehiago ari direlako modu horretako azokak antolatzeko modua egiten.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)