Bingen Zupiria
“Estuen dauden kulturgintzako langileei soldata bermatu nahi die Jaurlaritzak”
Udako jaialdi jendetsuak ez direla egingo uste du Zupiriak, baina praktika kulturalera ahalik eta azkarren bueltatzearen aldeko da, mugekin bada ere. Espainiako Gobernuari proposamena luzatuko dio.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza politikarako sailburuak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n iragarri du Jaurlaritzak soldata bermatuko diela egoera estuena duten kultur sektoreko langileei. Diziplina desberdinetako artista eta bestelako langileak izango dira laguntzaren onuradunak: noizbehinkako kontratuak dituztenak edo autonomoak, soldatapekoek dituzten langabezia laguntzetara iristeko adina kotizazio ez dutenak. Zupiriak iragarri du zuzeneko arteetan mugitzen diren profesionalak izango direla, batez ere, onuradunak.
Jasoko duten laguntzaren zenbatekoa izango da aurrez zuten diru sarreraren araberakoa, gehienez 1.200 eurokoa eta gutxienez diru sarrerak bermatzeko errentaren ingurukoa.
Kultura sailak enplegu sailarekin eta ogasun sailarekin batera adostu du laguntza lerro hau. Guztira 2,5 milioi euro baliatuko dituzte, aurrekontuetan Lanbiderako adostua zegoen diru poltsa bat honetara bideratuz.
Zupiriak nabarmendu du diru laguntza hau dela profesionalei zuzendurikoa, baina kultur sektoreko enpresek, gainerako autonomo eta enpresek dituzten laguntza lerroak baliatu ahal dituztela, besteak beste, likidezia lortu ahal izateko Elkargiren bidezko bermeak.
Udako jaialdi asko, bertan behera
Koronabirusaren unerik larriena igaro den arren, Kultura sailburuak argi du babes neurriak datozen hilabeteetan ere bermatu beharko direla, eta, beraz, pentsatzekoa dela udan ohikoa diren jaialdi asko, Bilbao BBK Live edota jazzaldiak, ez direla egingo. Bertan behera zeintzuk geratuko diren ez du, ordea, zehaztu, hori berari ez dagokiola argi utziz.
Zupiria edozein kasutan ahalik eta azkarren praktika kulturaletara itzultzearen aldeko da, nahiz eta argi izan mugatuak izango direla horiek. Antzokiak, liburu dendak edota zinema aretoak lehenbailehen irekitzea nahi luke, gehienez sar daitekeen jende kopurua mugatuta, kasu askotan erdira, eta maskarilak bezalako babes neurriak hartuta.
Kultura Sailburuak aurreratu du Eusko Jaurlaritzak proposamen hori aurkeztu diola Espainiako gobernuari, data eta guzti, eta hari dagokiola erabakia hartzea.
Zupiriak krisialdia hasi zenetik behin hitz egin du Jose Manuel Rodriguez Uribes Espainiako Kultura ministroarekin. Biharko deitu ministroak autonomietako arduradunak bilera batera, baina Zupiriak ez du askorik espero bilera horretatik. Saiatuko da argitzen ea Europako laguntzaren bat Euskadira iristeko aukerarik badagoen, gainerakoan uste baitu hemengo baliabideekin egin beharko zaiola aurre egoerari.
Kirola egitea baimentzearen alde
Kultur jarduerara itzultzea bezala, Bingen Zupiriarentzat ona litzateke herritarrei kirol jarduerak berriz egiten hasteko baimena ematea. Uste du, neurri batzuk hartuta, posible litzatekeela hori egitea, eta osasunerako fisiko zein psikologikorako mesedegarri litzatekeela. Hala eskatuko dio Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari.
Beste kontu bat da kirol ekitaldi jendetsuak noiz egin ahal izango diren. Euskal Herriko Txirrindulari Itzulia noiz egin ahal izango den zalantza du. Donostiako Klasika uztailaren 25ean egitea zaila izan daitekeela dio, helmugan pilatzen den jende kopurua ikusita babes neurriak zaintzea zaila litzatekeelako. Egun bakarrean hori zaila bada, Zupiriak uste du hainbat egunetako itzuli batean are zailagoa litzatekeela.