Aitor Esteban
"Ez dago estatu itun premiarik, baina aurrekontuak adosteko balio badu, ongi dago"
Estebanek dio soilik arlo ekonomikora mugatzen den ituna onartuko dutela jeltzaleek, osasungintzan edo gizarte zerbitzuetan sartzen bada horrek autonomien eskumenekin talka egiten duelako.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Aitor Esteban Eusko Alderdi Jeltzaleak Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n aitortu du ez dakiela gaur arratsaldeko bileran Pedro Sanchezek zehazki zer planteatuko dion.
Estebanek ez du premiarik ikusten Sanchezek kongresuan iragarritako berreraikuntzarako estatu itun zabala egiteko. Bere ustez, beharrezkoa dena da aurrekontuak adostu eta onartzea, Sanchezen gobernua oraindik Rajoyren azken aurrekontuak luzatuta ari baita. Diru kontu berriek balio beharko lukete koronabirusaren ondorioz kaltetuta geratzen ari den ekonomia bultzatzeko. Aurrekontuak adosteko itun horrek laguntzen badu ontzat emango dutela dio Estebanek, baina argi izanda soilik alor ekonomikora mugatzen dela. Aurrekontu berriak onartzea lortzen ez bada uste du gobernu krisia etorriko dela, eta horrek atzetik ekarriko duela hauteskundeak egin beharra.
Jeltzaleek argi diote ez dutela babestuko larrialdi egoera honen aitzakian estatuak eskumenak birzentralizatzera jotzea. Sanchez bilatzen ari den itunak osasun arloan edota gizarte zerbitzuetan sartu nahi badu, argi dio kontra egingo dutela, erkidegoenak direlako eskumen horiek. Gogoratu du gobernuak onartu nahi duen bizitzeko gutxieneko diru-sarrera Euskadin aplikatzeko, esaterako, arazo juridikoak izan daitezkeela, hemen diru sarrerak bermatzeko errentaren inguruko lege integrala baitago indarrean.
Estebanek bestalde azpimarratu du itun horrek behar lukeela izan alderdi politikoen artekoa, gero kongresuan lege forma eman beharko zaiolako. Enpresari elkarteen eta sindikatuen iritzia garrantziazkoa dela dio, baina horretarako jada badaudela beste foro batzuk.
Sanchezek gainerako alderdien babesik lortuko duen galdetuta, PSOE eta PP ikusten ditu agintean egoteko etengabeko lehian, eta horrek eragina du ados jartzerako orduan. Ciudadanosengan bai ikusten du jarrera aldaketa bat.
Gobernuaren baitan ere sumatzen du arazotan direla, hartu nahi diren hainbat neurriren inguruan ikuspuntu desberdinak dituztelako. PSOE eta Unidas Podemosen arteko aliantza oraindik sendo ikusten du, baina tentsio egoera honek jarraituz gero arazoak areagotu egin daitezkeela uste du.