Idoia Mendia
"Bateragarriak dira Espainiako gobernuaren aginte bakarra eta euskal autogobernua"
Diru sarrerak bermatzeko errenta eta Espainiako Gobernuak indarrean jarri nahi duen gutxieneko diru sarrera bateratzea ez dela erraza izango aurreratu du Mendiak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n berretsi du elkarrizketaren bidez posible dela bateratzea alarma egoeran Espainiako Gobernuak duen aginte bakarra eta euskal autogobernuaren eskumenak. Bizi den egoera larrian aginte guztia Espainiako gobernuak izatea ulertzekoa da Mendiaren esanetan, baina elkarrizketaren bidez lortuko da bi administrazioek elkar ulertzea.
Egoera leuntzeko hartzera doazen neurriei dagokienez, Mendiak iragarri du aste honetan Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak egingo dituzten bileretan sakonduko dutela metodologia. Edozein kasutan, leuntze neurrien inguruan dio ez dela itxaropen faltsurik sortu behar.
Euskadiko sozialisten idazkari nagusiak elkarrizketa gehiago behar dela esan du, bai Espainian, eta bai Euskadin. Zentzu horretan nabarmendu du Legebiltzarreko diputazio iraunkorraren bileran alderdi guztiengan aurkitu zuela elkarrizketarako eta akordiorako borondatea, eta hori landu beharrekoa dela.
DSBE eta gutxieneko diru sarrera
Idoia Mendiak, bestalde, aitortu du ez dela erraza izango bateratzea Espainiako Gobernuak indarrean jarri nahi duen bizitzeko gutxieneko diru-sarrera eta autonomia erkidegoan dagoen diru sarrerak bermatzeko errenta. Bateragarritasunak ikusi beharko direla dio, eta erabaki beharko dela sistema mixto bat egiten ote den, edota Euskadiri konpentsazio ekonomikoa ematen dion estatuak jada errenta hori indarrean dagoelako.
Diru sarrerak behera doazen unean gastu publikoa zertan lehenetsi behar den ere erabaki beharko da Idoia Mendiaren arabera. Abiadura Handiko Trenaren lanei eustearen alde hitz egin du, tren lasterra Euskadiren lehiakortasunerako ona delako eta gainerako obra publikoek ekonomian positiboki eragiten dutelako.
Adinekoen egoitzen eredua berriz aztertu beharko dela ere esan du Idoia Mendiak. Bere ustez eztabaida ez da hainbeste kudeaketa publiko edo pribatukoak diren, baizik eta nola antolatzen den sistema jendea urte gehiagotan egon ahal izateko nor bere etxean, behar den bezala monitorizatuta. Zentzu horretan, apartamentu tutelatuen eredua aztertu eta inplementatu beharrekoa iruditzen zaio.
Gaitza gaindituta
COVID19 gaitza gainditu ondoren hitz egin du Mendiak Euskadi Irratian. Aurreko astean eman zioten alta, bai berari, eta bai bere senarrari. Etxean koarentenan egon behar izan dute, semeekin kontakturik izan gabe. Aitortu du ez dela erraza izan, baina gainditu dutela.