Juan Mari Aburto
“Berri oso ona litzateke saltoki batzuk zabaltzea, sufrimendua itzela baita”
Bazterkeria egoeran daudenak eta adinekoak laguntzea eta ekonomia garatzeko neurriak hartzea jarri ditu lehentasun gisa Bilboko alkateak.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n adierazi du oso albiste ona litzatekeela datorren astetik aurrera saltoki batzuk zabaltzeko aukera izatea. Osasuna lehentasuna dela argi utzita, eta egoera hobera egiten ari dela ikusita, Aburtok esan du merkataritza asko ari dela alarma egoeraren ondorioak sufritzen, eta ateak zabaltzeak arinduko lukeela hori. Arropa salmenta adibide bezala jarrita esan du udaberriko denboraldia aurrera doala, eta erosia zuten stock guztiarekin geratu beharko dutela.
Bilboko Udala ari da aztertzen merkataritza eta ostalaritza laguntzeko neurriak, besteak beste tasa eta zerga bidez, baina horiek zehaztuko dituzte gainerako alderdiekin eta sektorearekin berarekin hitz egin ostean.
Alkateak aitortu du diru-sarrerak murriztuta aurrekontua ere doitu egin beharko dela, nahiz eta hiriaren egoera ekonomikoa ona dela dioen, eta aurreztutako dirua ere badagoela. Doikuntzak egiterakoan, lehentasun jo du pertsonei arreta bermatzea, batez ere bazterkeria arriskuan daudenei, adinekoei, eta bakarrik bizi direnei.
Adinekoen egoitzetan koronabirusak izan duen intzidentzia handia ikusita Aburtok uste du sistema sozio-sanitarioa indartu egin beharko dela, eta arreta sozialaz gain arreta sanitarioari presentzia gehiago eman beharko zaiola. Interesgarri jo ditu, bestalde, adinekoen autonomia ahalik eta gehien luzatzea ahalbidetzen duten pisu tutelatuak, nahiz eta aitortu duen dagoeneko badaudela zerbitzu horiek, eta eskaria oso apala dela.
Bilbao BBK Live eta Aste Nagusia
Udako ospakizun handiekin zer gertatuko den ez dakiela dio alkateak. “Datorren astean zer gertatuko den ez badakigu, nola jakingo dugu zer gertatuko den Bilbao BBK Live edo Aste Nagusiarekin?”, esan du. Ordurako egoera hobea izatea espero du, baina jende pilaketa handiak posible izango ez direnez seguru jotzen du ezingo direla egin aurreikusita bezala. Bilboko Aste Nagusiaren kasuan, gogoeta aldia zabaldu beharko dela dio, eta hori Bilboko Konpartsekin batera egin nahi lukeela.