Itxi

Donostiako ospitala

Larrialdiak, hustuta

Jone Larrañaga

COVIDaren beldur, premiazko artatzea behar zuten hainbat kasu beranduegi iritsi dira ospitalera. Garaiz erreakzionatzearen beharra azpimarratu dute larrialdietako arduradunek.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Donostiako Larrialdi zerbitzuak hutsik topatu ditugu gaur goizean. Erabat hutsik. Bi gaixo baino ez daude boxetan frogen zain. Profesionalak, prest; baina korridore eta itxarongeletan, inor ere ez. Gaua ere lasai joan da oso eta zain daude. COVID sintomak dituzten gaixoak, orain, lehen arretako zentroek kudeatzen dituzte eta izango dira goizeko hamaikak kasu larri edo argiak larrialdietara bideratzen dituzten arte. Atseden tarte horretan hartu gaituzte zerbitzuko arduradunek. Itziar Agote erizain-buruak azaldu digu, hasteko, hasi direla arnasa hartzen eta behar zutela, bai, erritmo lasai hau. Lasaiegia da, ordea. Apenas iristen zaien oraindik traumatismorik, sabeleko edo bularraldeko mina dutela dioten gaixorik. "Oraintxe hasi gara ikusten lehenak", kontatu digu Arantxa Agillo medikuak, zerbitzu buruak. "Jendeak beldurra dauka oraindik", dio eta horrek eraginda izan direla beranduegi iritsi diren kasuak, "iktusa izan eta ordu gehiegi etxean eman dutenak edo apendizitisa, adibidez". Horregaitik egin du deia: "Osasun zerbitzuetara jo behar da, telefono deia egin eta beharrezkoa bada hona etorri".

Kasu ohikoak artatzeko prest eta normaltasun horretara itzultzeko gogoz baina adi. Hala jarraitzen dute Larrialdietan. Pandemiaren gogorrenaren atarian prestatu zituzten eremuak eta ospitalari "lapurtutako" guneak ez dira aldatu. Eta azpiegitura horri eutsiko diote luzaro, "urte amaierararte behintzat bai", Cristina Oria sendagileak dioenez. Oria izan zen erasoadiaren larrienean zerbitzuaren arduradun lanak egin behar izan zituena, Agillo zerbitzuburua, ataleko beste hainbat bezala, kutsatu egin zelako.  Denak lanera itzulita daude, hilabete honetan ikasitakoak eta "zorionez, haundi" geratu zaizkien azpiegiturak aurrera begira erabili beharko ote dituzten ikuskizun. "Hurrengo astean egon liteke lehen gorakada. Ikusiko dugu", dio Agillok. "Ez dakigu zer gertatuko den", gehitu du Oriak: "Eta hori da larrialdi honetako ezaugarri nagusia, ez dakigula zer gertatuko den. Horrekin lan egiten eta bizitzen ikasi beharko dugu".

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)