Itxi

Covid-19

Koronabirusak %50 igoarazi du ospitaletako oxigeno eskaria

Jone Larrañaga

Osakidetzaren hornitzaile nagusietako batean, Nippon Gases lantegiak Olaberrian duen plantan, izan gara oxigenoa nola prozesatu eta bideratzen den ikusten

Your browser doesn’t support HTML5 audio

40 egun hauetan asko hitz egin da larrialdiez, ospitalez eta ospitaletan falta izan den materialez. Segurtasun ekipoak falta izan dira, materialea oso eskas egon da. Eta pandemiak goia jo zuen egunetan, batez ere, azpimarratu zen arnasgailuak falta genituela. Arnasgailuak. Arnasa hartzeko maskarak ere, gogoratu, nola moldatu zituzten snorkeleko ekipoekin, adibidez. Ez dena aldi guzti honetan hitz egin, ordea, arnasgailu eta maskara horiek behar duten oinarri-oinarrizkoa botikaz: Oxigenoaz. Eta zergaitik? Ez delako falta izan. "Ez da falta izan eta ez da faltako", adierazi digu Jon Azurmendi Nippon Gases-ek Olaberrian duen enpresako arduradunak.  Lantegi horrek Lutxanan eta Goierrin dituen plantak dira Osakidetzaren hornitzaile nagusietakoak eta osasun krisialdian, industriari eman ohi dioten zerbitzua jeisterekin batera izugarri hazi zaie ospitaletakoa. Mikel Mujika ospitaletarako atalburuak zehaztu digunez, %50 ia. "Nitrogenoa eta aire garbia ere asko kontsumitu dira baina, batez ere, oxigenoaren eskaria da igo dena",  azpimarratu digu. Neumonia garatu eta arnasa behar bezala hartu ezin izan duten covid gaisoentzat, izan ere, hil hala bizikoa gertatu dira aire garbi medizinala eta oxigenoa.

Atmosferatik hartu, garbitu, konprimitu eta hoztu egiten dute Olaberriako plantan. 190 gradu zero azpitik jarrita bihurtzen dute likido eta  55 metro luze diren dorreetan sartzen. Gas bakoitzak pisu diferentea duenez sailkatzen dira bertan, hiru alturatatan, oxigenoa, nitrogenoa eta argoia eta, behin bereizketa eginda, sartzen dituzte biltegietan. Biltegi horietatik kamioietan eramaten dituzte ospitalekoetara.

Gurean, ospitale publiko guztiek dituzte euren gas biltegiak. Azpiegitura hori behar-beharrezkoa gertatu da, gainera, bizi dugun alarma egoerarako. Ospitaletan bertan bihurtzen dute oxigeno likidoa gas (temperatura berotzean, litro bakoitzeko 850 litro oxigeno gas lortzen dira) eta autonomia handia irabazten dute ospitaleek hala. 

Baina badira beste ospitale batzuk horrelako azpiegiturarik ez dutenak. Adibidez, Donostiako Gurutze Gorriaren ospitala. Eta ospitale horrek, gogoratuko dugu, covidekin kutsatutako adinekoak hartu dituela. Ospitale horietarako tanke txikiagoak prestatu dituzte oxigenoa likidoan eramateko. Beste egoitza batzuek ezin izan dute autonomia horrekin aritu: azpiegiturarik ez eta oxigeno gasa jaso dute, botiletan.

Horrekin izan dute arazo bakarra Nippon Gasesen. "Ospitaletara oxigenoa eramateko hainbeste botila behar ziren! lortu ditugu nola hala. Baina zer gertatu da? une batzuetan botila gehiago zeudela ospitaletan hemen baino eta ezin genituela berriz bete", kontatu digu Carlosek, plantako arduradun teknikoak.

Nippon Gasesen azpimarratu dute Osakidetzak ondo erantzun diola oxigeno horniketari eta garaiz prestatu dituela oxigeno hori ospitaletako oheburu guztietara iristeko hoditeri azpiegiturak. Besterik da zer gertatu den zaharren egoitzetan. Azaldu digutenez, askok badituztelako azpiegitura horiek baina erabili gabe erabat zaharkituta daudela ikusi da krisialdi honetan.

Horietatik ikasi beharko da, diote, eta udazkenean beste goraldirik baletor, orain prestatu.

Ordurako ere, oxigenorik ez dela faltako ziurtatu dute hornitzaileek.

 

Audioak (1)