Aitor Idigoras Stee-Eilas
"Ebaluazio kriterioarekin ados gaude, baina akordiorik ez dute bilatu"
EAJk Espainiari eskatzen dion akordio eta komunikazioa faltan izan ditu Steilas sindikatuak Hezkuntza Sailak ikasturte amaierarako kriterioak finkatzerakoan.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Aitor Idigoras Steilas sindikatuko ordezkariak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n adierazi du ikasturte amaierarako Eusko Jaurlaritzarako Hezkuntza sailak ezarri dituen ebaluazio kriterioekin erabat ados daudela eta bat datorrela sindikatu honek apirilaren 15ean egin zuen proposamenarekin. Idigorasek dio, hala ere, baliatu behar litzatekeela ikasturte amaiera ikasleak ebaluatzeko ez ezik, ikastetxean dauden premiak ebaluatzeko, eta datorren ikasturteari begira premiazko baliabideak jartzeko.
Steilaseko ordezkariak faltan izan du sindikatuekin harremanetan jarri izana irizpide horiek adosteko. Lan baldintzetan aldaketa handiak egon direla dio, eta horiei buruz akordioak lortzea beharrezko dela. Idigorasen esanetan EAJk Espainiako gobernuari eskatzen dion akordio eta komunikazio maiztasuna faltan bota dute, hemen ez dutelako eurek aplikatzen.
Idigorasek baieztatu du datorren asterako deitu dituela Hezkuntza sailak, bilera informatibo batera.
Hainbat mailatan ekaina amaitu aurretik ikasgeletara itzultzeko aukerari buruz Steilas ez dago itxita, beti ere osasun teknikariek ontzat ematen badute. Zilegi iruditzen ez zaiena da ikastetxe bakoitzaren esku uztea erabakitzea, desarautzea dakarrelako eta maila orokorrean adostu beharko litzatekeelako.