Itxi

Konfinamendua arintzea

Senitartekoei bisita noiz? Kirola nola? Soziedadeak irekiko dira?

Arintze aldiko faseak iragartzearekin batera, zalantza eta galderak ugaritu dira. Hemen 'Faktoria'ko entzuleek egindako galderei emandako erantzunak.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Pedro Sanchezek iragarri ondoren deseskalatzearen baitako faseak zeintzuk izango diren, 'Faktoria'ko entzuleen artean galdera nagusiak izan dira senitartekoak bisitatzeko baldintzei,  kirola egiteko izango diren aukerei edota elkarte gastronomikoen irekierari buruzkoak:

Senitartekoei bisitak noiztik? Aiton-amonak bisitatu ahal izango ditugu? 

Probintzia berean bizi diren senitarteko eta lagunak maiatzaren 11tik aurrera bisitatu ahal izango dira, baina salbuespenak ere jarri ditu gobernuak: Adinean aurrera doazenak, aurrez patologiak dituztenak eta orohar koronabirusaren aurrean bereziki zaurgarri direnak bisitatzerik ez da komeni.

Larunbatetik aurrera kirola zenbat denboraz, zein distantziatan egin ahal izango da? Frontoietara edo saskibaloi kantxa batera joan ahalko gara?

Argi dago, larunbat honetatik helduek izango dutela kirola egitera edo pasoera irteteko modua. Oraindik falta da Osasun Ministerioaren agindu bat argitaratzea, zehazteko zenbat denboraz egin ahalko den  eta etxetik zenbat kilometrotara mugituta.

0 fasean aurreikusten dena da banaka egin daitezkeen kirolak, behar diren babes neurriak hartuta, egitea, dela surfa, dela bizikletan ibiltzea, dela korrika egitea…

Aire libreko instalazioak erabili ahal izango dira horretarako, baina beti saihestu beharko dira koktaktua dakarten kirolak, eta aldagelen erabilera.

Itxitako instalazioetan maiatzaren 25etik aurrera baimenduko da kirola egitea, beti ere publikorik gabe, aldagelarik erabili gabe eta kontaktua saihestuz.

Mendira joateari buruz, pentsa daiteke maiatzaren 11tik aurrera, probintzia baitako mugimenduak baimentzen direnean, mendia etxe ondoan ez duenak posible izango duela mendira joatea, baina oraindik zehatz ezin da esan.

Noiz izango dute txoko edo elkarte gastronomikoek irekitzeko aukera?

Moncloaren deseskalatze dokumentua eta horren eranskinak ez dira iritsi elkarte gastronomikoetan zer egin daitekeen zehaztera. Baina zabaldutako informaziotik ondoriozta daiteke maiatzaren 11tik aurrera posible izango dela persona talde txikiak elkartea, etxebizitzetan edo lokaletan.  Aurreikus daiteke, beraz, lokal horien artean elkarte gastronomikoak egon daitezkela.

Aldiz, ez da baimenduko erabilera toki komunak dituzten jatetxe eta ostatuak zabaltzea bigarren edo hirugarren fasera arte baimenduko. Beraz, zehaztu beharko dute hilaren 11n ireki ahal izango diren elkarte gastronomikoak eta hala bada  zain baldintzetan. Ziurtzat eman daiteke bazkari jendetsurik ezingo dela egin eta elkarte bateko sukaldean,  hainbat bazkide afaria prestatzen aldi berean ezingo dutela jardun.

Hauetaz guztietaz gain, entzuleek egin dituzte galderak probintzia arteko mugimenduei buruzkoak, kanpinen irekierari buruzkoak edota baratzezaintzarako aukerei buruzkoak, gobernuaren azalpen dokumentuak eskutan,  erantzun ditugunak.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)