Everest 40 urte
“Denok gailurrean geundela sentitu zuen herriak”
Everesteko igoeraren 40. urtemugan, Martin Zabaleta pozik, jendea poztu zuelako, baina aurrera begira bizi dela esan digu. Felipe Uriartek ondo egindako lanak ematen duen bizipozez oroitzen du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
1979ko maiatzaren 14an, Martin Zabaleta mendizale hernaniarra, Pasang Temba sheraperekin batera, Everest mendiaren gailurrera iritsi zen, eta ikurrina jarri zuten bertan. "Alletunaz! Alletunaz! Gora Euskadi Askatuta! Gora Euskadi Antinuklearra!" esan zien beheko kanpalekuan zeuden espediziokideei irrati-telefono bidez. Tartean zegoen Felipe Uriarte pasaitarra.
Martin Zabaleta eta Felipe Uriarte elkartu ditugu uhin bidez 'Faktoria' saioan, Everesteko tontorra euskaldunek lortu zutela 40 urte bete diren egunean.
Duela 40 urteko oroitzapenak biltzen hasita, jaitsierako une gogorrak kontatu dizkigu bereziki Martin Zabaletak. Hiltzeko zorian izan ziren bera eta Pasang Temba sherpa. Une horretan buruan zuen gauza bakarra “bizitzeko gogoa” zela esan digu, “beldurrik ez izatea eta bizitzeko gogoa”.
1980. urtean Euskal Herriko ikurrina munduko tontorrean jartzeak garrantzia politikoa ere izan zuela adierazi digu Felipe Uriartek. Nazio eta estatu aberatsak ahalegintzen ziren euren banderak Everest-eko tontorrean jartzen eta Euskal Herriak hori lortzea handia izan zen. “Mendizaleak ere naziogintzan jardun genuen idazle eta musikariak bezala” esan digu Uriartek eta gaur egungo egoera nola ikusten duen galdetuta “bada garaia denok batera lan egiteko”, esan digu, elkarlanerako deia eginaz. “Banuen 40 urteren ondoren Euskadi Irratian hau esateko gogoa” aitortu du.
Sasoiko daude bi mendizaleak. Martin Zabaleta iaz Patagoniako Fitz Roy mendian izan zen eta orain buruan duen ametsa Himalaiara joan eta Nepal alde batetik bestera zeharkatzea da eta Patagoniara ere joan nahi du berriz. “Munduko mendirik politenak Patagonian daude” esan digu.
Felipe Uriartek sei mila metroko mendiren bat igotzeko asmoa agertu digu.
Bejondeiela biei!!!!