Kargatzen...
Itxi

Unai Rementeria

“Epe laburrean zergak aldatzen hastea ez da komenigarria”

Europatik eta estatutik zenbat diru helduko den ikusi arte ez du zergarik igo nahi Bizkaiko Aldundiak. Hondartza denboraldia ekainaren 15 eta uztailaren 1 artean hasiko dela iragarri du.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan esan du ez dela momentua zerga nagusietan aldaketak egiteko. Lehen lau hilabeteetan diru bilketan izandako beherakada ikusita, Rementeriak aurreikusten du Euskadin % 20 jaitsiko direla diru sarrerak aurten, 3.600 eta 4.000 milioi euro artean. Diru hori guztia zergak igota berreskuratzea ez da bideragarria bere ustez, "herritarren poltsikoan ezin delako % 20ko gainkarga jarri". Horregatik uste du aztertu behar dela ondo espainiar estatutik eta Europatik datozen funtsek zenbat diru ekartzen duten eta defizit helburua malgututa zorpetzeko zein aukera dagoen. "Hori guztia aztertutakoan hartu behar dira erabakiak", esan du Rementeriak.

Alemanian eta Frantzian jarduera ekonomikoa berriz abiatu ondoren espero du Bizkaiko enpresen eskariak ere igotzea eta egoera hobetzea. Edozein kasutan, ekonomian etorriko den kolpea handia dela aurreikusita 1.200 milioi euroko diru mugimendua bultzatu du Aldundiak, neurri desberdinen bidez.

Hondartza denboraldia

Uda denboraldiari begira, hondartzak ekainaren 15aren eta uztailaren 1aren artean irekiko dituztela iragarri  du Bizkaiko Ahaldun Nagusiak "osasun krisia hobetzen doan heinean". Hondartzen irekiera kostako udalekin eta gainerako erakundeekin ere adostuko dutela dio Rementeriak, eta baita segurtasuna bermatzeko jarraitu beharko diren protokoloak ere. Hondartzetako aforoa kontrolatu beharko dela esan du, eta esaterako, marea igotzen denean hondartza askotan tokirik ez dela egoten ikustia, aurrez itxita egongo direla jakinaraziko beharko dela. Futbolera edo boleibolera jolasteko tokirik hondartzetan ez dela utziko ere argi esan du.

Familiei begira, berriz, Rementeriak iragarri du aurtengo udan ez dela izango izango Foriu Aldundiak antolatu ohi dituen udalekurik.

Egoera hobetzen

Azken egunetan kutsatu kasu berri gehienak Bizkaian agertzen ari badira ere, ahaldun nagusiak gogorarazi du biztanle kopururik handiena ere bertan dagoela eta kutsatze tasa oso dela txikia. Zalantzan jarri du bestalde, positibo kopuruak hainbeste jaitsi diren unean, R0 adierazlea deseskalatze neurriak hartzeko erreferentziazko ote den,  kasu gutxi batzuk sortzen dituzten kutsatze kopuruek adierazle hori igo egiten baitute, nahiz eta orotara oso kasu gutxi izan. Gezurtatu egin du bestalde, Bizkaia 1 fasera eskatzen ziren baldintzak bete gabe pasa dutenik.

Adinekoen egoitzetako egoerari buruz Unai Rementeriak aurreratu du datorren astelehenenan jakinaraziko dituztela Covid-19ak eragindako hildako kopuruaren datu berrituak. Datuak hamabostean behin publiko egiteko irizpidea defendatu du berriz Rementeriak, isolatuta egoitzetan dauden pertsonei egunero hildako kopurua emateak kalte egin diezaiekeelako. Krisia kudeatzen ari diren erakundeengan konfiantza izateko eskatu du. Datuak hamabosteain behin argitaratu arren egunero biltzen direla dio eta osasun agintariei eta fiskaltzari jakinarazten zaizkiola. Konfiantza eskatu du.

Adinekoen egoitzen eredua berrikusteari buruz, ahaldun nagusiak dio osasun larrialdia amaitutakoan, beste alor askotan bezala adinekoen egoitzei buruz ere egin beharko dela gogoeta. Aurreratu du, hala ere, berak ez duela bat egiten adinekoen egoitzak ospitale bihurtzeko joerarekin.

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)