Karlos Arguiñano
'Honi buelta ematea negozioa hasieratik hastea bezalakoa izango da'
Koronabirusaren pandemiatik ateratzeko 'errezetak' utzi ditu 'Faktoria'n, Karlos Arguiñanok.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Etenik gabe, lanean eman du itxialdiaren gogorrena Karlos Arguiñanok. Lasai, bere baserrian, emaztearekin baina, bakardadean, asteburuetan bere familia zabalak egin ohi duen talde-bazkaririk gabe. Negozioko, Zarauzko Arguiñano jatetxeko, taberna eta terraza irekita ditu baina, ez jantokia. Ekainaren erdirarte ez du zabaltzeko asmorik. Bere etxean eta orohar ostalaritza sektorean garai zailak aurrikusten ditu, 'kostako da hemendik ateratzea' esan du Argiñanok, 'bizpahiru urte beharko dira, ez da lehen bezala izango, gauzak aldatuko dira, negozioa hasieratik hastea bezalakoa izango da'; 'akaso lan gehiago egin beharko dugu gutxiago irabazteko eta agian, galtzeko'.
Goi mailako sukaldaritza
Karlos Arguiñanoren ustez, 'piska baterako amaitu dira dastaketa menuak eta negozio bazkariak'. Beltzena, goi mailako sukaldaritzaren egoera beltza da horregatik dio, 'bertako bezeroekin eta kalitatea zainduz' emango zaiola buelta egoerari. Diru-laguntzak eskatzen dituzten ostalariei buruz galdetuta, Argiñanok gogoratu du negozio txiki asko, dendari asko egoera berdinean daudela eta galdetu du: 'zeinek jarriko du dirua?'. Sukaldariaren hitzetan, ohituta gauden bizimodua aldatuko dugu eta gazteek pairatuko dute gehien: 'oso arin mugitu dira. 25-40 urtekoak ibili dira gora ta behera, oporretan, eskiatzea, Hego Ameriketan, urrutira beti, eta gauza horiek aldatuko dira'.
Pandemiaren kudeaketa
Koronabirusaren testekin egin dena ez du ulertzen Argiñanok: 'ikusten ditut egunero futbolariei testak egiten, zelai goxoan ibili daitezen eta sendagile eta enfermerak bi hilabetez aritu dira plastikoz josita'. 'Ez dut ulertzen benetan eta komunikabieetan ez da horri buruz ezer esan' gaineratu du, 'ez da egia esaten'.