Zuzeneko emanaldiak
'Erakunde publikoek eman behar dute kultura sektorea berpizteko lehen pedalkada'
Zuzeneko emanaldietan atzeko lanetan aritzen diren teknikari, ekoizle eta azpiegitura arduradunek erakunde publikoen bultzada eskatzen dute.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
'Gure sektorea egoera larrian zegoen pandemia aurretik, eta birusak lur azpian utzi du'. Mattin Epelde Uhinak soinu eta irudi enpresako arduradunaren hitzak dira. Udararako aurrikusta zituzten 250 ekitaldi bertan behera utzi dizkio koronabirusak. Bidean manager eta produkzio enpresak ez ditu oraindik kontuak atera baina, Haritz Zubiate arduradunak' Faktoria'n kontatu du, martxotik gaur arte hitzartuta zituzten 70 emanaldi ez dituztela egin. Antzerako egoera du R-SOUND enpresako arduradunak, Iñigo Herreros soinu teknikaria eta larriena, bere ustez, sektorean gehienak autonomo gisa lanean ari direla eta 'diru-sarrerik gabe eta langabezia eskatzeko modurik gabe' daude.
COVID-19ren ostean, sektore gehienak normaltasunera itzultzen ikusten dituzte zuzeneko emankizunetan aritzen direnek baina kexu dira: ez dakite noiz, nola eta ze baldintzetan itzuli behar duten eta erakunde publikoen esku-hartzea eskatzen dute. 'Diru-laguntzak bai hori baino gehiago da', esan digu Amets Rodriguez Musika Industriaren Elkarteko bozeramaileak. Erakunde publikoei, 'kultura berpizteko lehen pedalkada' ematea eskatu diote, 'zuzeneko emanaldiak kalean egin ahal izateko neurriak adostu eta kaleratu' ditzatela.