Plastikoa eraldatuz
Nantek: plastikoa erregai bihurtua
Itsasontzietan, argindar generadoreetan eta nahastuta, autoetan ere erabil daitekeen pirolisi olioa sortzeko gai da Erandioko enpresa, plastikoari tratamendu termikoa emanda.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Europan 25 milioi tona plastiko hondakin sortzen dira urtean eta Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik era horietako 500 mila tona. Hondakin horietako gehienak datoz industriatik, eraikuntzatik eta gutxiago, etxeetatik. Pandemia aldian, gainera, asko ugaritu dira erabilera bakarreko plastikozko produktuen kontsumoa, eta ondorioz, sorturiko hondakin kopurua.
Egia da gero eta gehiago sailkatzen direla hondakinak baina oraindik zati handi batek amaitzen du zabortegietan, erraustegietan, eta kasurik okerrenean ozeanoetan.
Nantek enpresa gai da plastiko horri era errentagarrian beste bizi bat emateko. Koldo Manero Nantekeko ingeniaritza zuzendaritzak azaldutakoaren arabera, plastikoak berotu, gas bihurtu eta gero likuatu egiten dituzte, hortik pirolisi olioa lortuz. Prozesu horretan nano partikulez osaturiko nahasketa berezia gehitzen diote, optimizazioa areagotuz.
Erandioko egoitzaz gain, Santurtzin dute laborategi bat eta laster Hernanin irekiko dute beste bat. Momentuz laborategiko eskalan egiten dute euren prozesua, ekoizpen industrialaren baldintzak simulatuz. Urte amaierarako, edo beranduenez, datorrenaren hasiera alderako espero dute maila industrialeko produkziori ekitea.
Enpresa asko, bai hemengoak, bai atzerrikoak, interesatuta daude Nanteken formula honekin. Repsol fundazioak urtero enpresa gazteen proiektuak sustatzeko egin ohi duen lehiaketan finalista dira eta uztailean jakingo dute hautatuak izan diren ala ez. Jaso berri dute, bestalde, Ekintzaileak XXI saria, Caixabankek sustatzen duena. Epaimahaiak ebatzi du iraultzailea dela Nantekek polimeroetatik erregaia ateratzeko garatu duen teknologia.