PAUL BILBAO
"Milaka umek ez du euskararekin harremanik izan hilabetetan; asko kezkatzen gaitu"
Kontseiluko idazkari nagusiak kontraesana ikusten du Nafarroako datuetan: "Gero eta euskaldun gehiago badago, zergatik jarraitzen dute alemana euskara baino gehiago baloratzen lan deialdietan?".
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Alarmak egoeran, euskal hiztunen hizkuntza eskubideak zapaldu direla salatu du 'Faktoria'-n Paul Bilbao Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari nagusiak. Bereziki osasungintza eta hezkuntza arloekin azaldu du kezka. "Zer egingo da ikasturte hasieran hizkuntza gaitasunekin? Milaka ume eta gaztetxok ez dute euskararekin inolako harremanik izan hilabeteetan. Asko kezkatzen gaitu eragin handia izango duelako etorkizunean, hor hiztun berriak ditugu".
Hezkuntza ez formalak duen garrantziaz ere mintzatu da, Espainiako Auzitegi Gorenak berriki emandako epai baten harira (Gorenak baliogabetu egin du haurrentzako jarduerak derrigorrez euskaraz egiteko Lasarte-Oriako diru-laguntzen baldintza): "Honek ondorio larriak ekar ditzake domino efektua sor dezakeelako, euskara lehenesten duen edozein deialditan esku hartu dezaketelako".
Nafarroan hizkuntza ohiturei buruz argitaratu berri duten 2018ko inkestaren datuak pozgarritzat jo ditu Bilbaok, baina kontraesana ikusten du. Gogoeta egin du: gero eta euskaldun gehiago badago, ea nola den posible haien eskubideak ez aitortzea.
Bilbao ziur dago azaroan abiatuko den Euskaraldia "iazkoa baino arrakastatsuagoa" izango dela.