Easo kalearen irekiera
Sufrimendu askoren ondoren, Donostiako Easo kalea, irekita. Orain, San Martin, itxita
Ia bi urtez Topoaren lanengatik Easo kalea itxita izan da eta bertako merkatariek galera handiak izan dituzte. Laguntzarik ez dutelako jaso kexu azaldu dira 'Faktoria' saioan.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Easo kalean itxita izan den zatiko 17 autonomoen egoera gogorra izan da azken bi urte hauetan. Ciaboga tabernako Jon Enrique, Neu jantzi dendako Julen Maiz eta Soho gastrobarreko Igor Arrasate izan ditugu gurekin.
Eusko Jaurlaritzatik laguntzarik ez dutela jaso salatu du Igor Arrasatek gure mikrofonoen aurrean: "Ez dut ulertzen horrelako aurrekontua duen lan batean, nolatan ez den aurrikusten kaltetuentzako diru laguntza bat". "Udaletik 500 euro jaso ditugu, baina hori hutsaren hurrengoa da, ditugun errenta eta gastuekin alderatuta".
Soho gastrobarra itxi egin behar izan zuen abenduan Igor Arrasatek eta orain leku berean beste jatetxe bat irekitzeko asmotan ari da.
Jon Enrique eta Julen Maiz-entzat ere gogorra izan da kalea itxita izate hori eta obrak jasatea. Kalean jenderik ez badabil, ez da bezerorik sartzen taberna eta dendetan. Eta zarata jasangaitza izan da, tabernan egotea ez zen batere atsegina bezeroentzat.
Gaur gauerditik aurrera Easo kalea zabalik izango da eta mugimendua berreskuratzean, berriro bezeroak hurbilduko zaizkien itxaropena dute.
Orain, San Martin kalea geratuko da erabat itxita Urbieta eta Hondarribia kaleen arteko zatian.