Zirimola
"Senegaldarrek daukaten apurra banatzen dute; guk soberan daukaguna ematen dugu"
Senegalera joan da gaurko 'Zirimola'. Senegalgo Euskal Herrian, Casamancen, egin dugu hitzordua Mariana Santos eta Ion Gorritirekin; haiek izan ditugu gidari 'Faktoria' saioan.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
"Oso jatorrak eta alaiak dira. Senegaldarrek beti esaten dizute zu ondo baldin bazaude, beraiek ere ondo daudela. Jendea da hemen dagoen onena", Mariana Santosen hitzetan. Mariana duela lau urte bizi da Senegalen; hegoaldean dagoen Casamancen, Diakene Ouloffen, bisitarientzako etxea eta kultur-etxea zabaldu du bere bikotearekin batera. Afrikako herrialde hau ezagutzen lagundu digu bai berak eta baita Ion Gorriti nafarrak ere, 2016tik ezagutzen du Senegalgo Casamance, urtero joan ohi da bertara: "Magikoa da. Egonean egoten badakite, haien lasaitasuna kutsatzen dizute", 'Faktoria' saioko 'Zirimola'n azaldu duenez. Euskal Herriarekin antz handia du zonalde horrek: hizkuntza propioa, ohiturak, kultura...
Hango jendeaz hitz egin dugu Santos eta Gorritirekin; eta baita politikaz, sinezmenez, ekonomiaz, turismoaz eta gastronomiaz ere. "Autobusa edo autoa bete arte ez da abiatzen, zain egon behar duzu. Bizikleta da Senegaletik bidaiatzeko modurik onena. Haizea sentitu, herrialdea usaindu, bide bazterreko jakiak dastatu... aukera ugari ematen ditu", Ion Gorritik azaldu duenez.