IKASTURTE HASIERA
Hezkuntza komunitatea, baliabideak optimizatzearen alde
Ikasturte hasieraren atarian, osasun neurriez ez ezik hezkuntzaz ere arduratzeko eskatu diete erakundeei Nelida Zaitegik (EAEko Eskola Kontseilua), Lurdes Imazek (EHIGE) eta Iñigo Salaberriak (HEZIE).
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Hastear den ikasturte "berezi" honetan "sormen handia" beharko dela adierazi du 'Faktoria'-n Nelida Zaitegi Euskal Autonomia Erkidegoko Eskola Kontseiluko presidenteak. Baliabideak optimizatu beharraz mintzatu da: "Momentuz daukaguna optimizatu, planteatu, frogatu, eta gero eskatu". Iñigo Salaberria Euskal Eskola Publikoaren Zuzendarien Elkarteko presidentea ere bat dator optimizatzearekin.
Horrez gain, Salaberriak garrantzia eman dio ikasleekin emozioen arloa lantzeari, baita euskarari ere: "Hizkuntza izango da gizarte kohesioaren tresna eta baliabiderik garrantzitsuena. Hori bermatu behar diegu gure ikasleei".
Gurasoen ordezkari gisa, Lurdes Imazek, Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko koordinatzaileak, beharrezkotzat jo du eskolak "lehenbailehen" hastea. Informazioa eta laguntzak eskatu ditu familientzat: "Ikastetxeak ixteko kasuetan familiek laguntzak beharko dituzte seme-alabak zaintzeko; familia asko daude opor guztiak amaituta eta inongo aukerarik gabe seme-alabak zaintzeko".