Eduardo Zubiaurre, Confebask
"Positiboa da eragile sozialak eta gobernua telelanaz adostasunera heldu izana"
Espainiako gobernuak eta gizarte eragileek telelanaz adostutako akordioa babestu du Confebaskeko presidenteak eta ERTEak luzatzearen alde egin du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Krisi betean enpresetan neurri “murriztaileak” eta “epe motzekoak” ekiditeko, Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek positibotzat jo du 'Faktoria'n telelana arautzeko Espainiako gobernuak, enpresa elkarteek eta sindikatuek adostu duten araudia. Telelana borondatearen eta adostasunaren menpekoa izatea begi onez ikusi du Euskadi Irratiko Faktorian, eta azaldu du orain enpresari eta langileei dagokiela “bidea” hitzartzea, kasuz kasu.
Aldi baterako enplegu erregulazioak (ERTEak) luzatzeko premia ere nabarmendu du Zubiaurrek: “ERTEei esker lanpostuei eutsi diegu, eta ahal bezain luze eutsi behar zaio sistemari, enplegu galerarik ez dadin egon”. Argudio berari eutsiz, “eskuzabaltasuna” eskatu du, krisiak iraun bitartean soldatak “egokitzeko”: “Adostasuna behar dugu neurri traumatikoak sahieste aldera”.
2012ko lan erreformaren aldeko apustua berretsi du EAEko enpresari elkarteko buruak, zerga igoerarik ez egotea eta krisiari aurre egiteko gobernuek zorpetzearen formula hobestea.