Amatiño
'Transbertsalitatea'
Eusko Jaurlaritzaren egituraketa berrian Emakunde Berdintasun sailaren barruan kokatzeak sortu dituen kontrako iritziak izan ditu abiapuntu Amatiñok.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Amatiñoren "Sinadura", 'Faktoria'n.
"Eusko Jaurlaritzaren egitura berriaren arabera, Emakunde erakundea ez da aurrerantzean Lehendakaritzapean kokatuko, Berdintasun Sailaren barruan baino. Erabaki hau dela-eta, hainbat feminista aurka atera dira, aldaketak kinkan jarriko duelakoan genero-berdintasun politikek behar duten transbertsalitatea.
Auskalo hori horrela ote den baina, balizkotan, berdintasun politikak al dira trabesik behar duten bakarrak? Klima-aldaketa, digitalizazioa, euskara edo pandemia ez al dira transbertsalak?
Orain berrogei urte, Garaikoetxea lehendakariaren aurrenengo gobernuan, Oteiza eskultoreak aldarrikatu zuen, Estetikaren lehendakariordetza --Industria, Hezkuntza, Osasuna, Justizia, Segurtasuna, Kultura eta gainerako sail guztien gainetik--, estetika transbertsala omen zelako.
Oteizaren proposamenak ez zuen aurrera egin, baina zein bizkor ahaztu zaigun laurogeiko hamarkadan Lehendakaritzapean egon zirela lau lan-eremu trabes eta berezi, orduko lau arazo larriri erantzuteko: Berdintasuna, Euskara, Drogomenpekotasuna eta Europa-93 egitasmoa. Lau arlo haietatik hiru, sailez sail integratzen joan ziren eta Lehendakaritzaren ardurapean geratzen zen bakarra Berdintasuna zen… Ardantza, Ibarretxe eta Lopez lehendakariek aldatu nahi izan arren, aldatu ez zutena, ez zirelako ausartu hainbat presiori aurre egiten. Orain, Urkulluk erabaki du Berdintasunari ere heldu zaiola normal jokatzeko garaia.
Hainbat feministak uste du, ostera, ezetz. Berdintasuna trabesa dela eta trataera berezia zor zaiola. Zenbaiti entzunez gero badirudi, nonbait, sinbolikoagoak-edo direla “vascos y vascas” eta antzerako esaldiak, euskaraz hitzegitea baino.
Zer gerta ere, nik badakit, nire eskasian, orain, duela hogei urte baino feministagoa naizena, eta seguruantza nago hogei urte barru ere orain baino feministagoa izango naizela. Baina Lehendakariari transbertsalitaterik eza leporatzen dioten batzuek, ez zekiten orain hogei urte euskaraz, ez dakite orain, eta, martxa horretan, ez dute hogei urte barru ere jakingo.
Euskaraz ez dakien feministari ez diot nik feminismorik ukatuko, ez horixe. Baina, barkatu, ezta egiazko transbertsalitate-bokaziorik sinetsiko ere".