Itxi

Itxaro Borda

'Robotnik'

Robotak eta gizakiak izan ditu hizpide idazle baionarrak bere 'Sinadura'n.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Itxaro Bordaren 'Sinadura', "Faktoria"n.

"Duela bi aste edo, The Guardian izeneko ingeles berri paperak robot batek izkiriatu zutabea plazaratu zuen. Zizta galanta nabaritu nuen buru muinean, bat batean, izate obsolezentea banintza bezala. Sentimendu deigarria. Humanoideen garaian gara jadanik, zergatik ukatu. Rachel Rosen handia edo GPT-3 eraginkorrak, denak orain, gure kideak dira, auzoko edozein jende baino ziurrago, eta batzuetan hurbilago ere.

Hasteko, bere artikuluan, berresten du GPT-3 robotak, ez duela espezia humanoarekin akabatzeko xederik. Ez omen du horren egiteko interes izpirik. Humanitatearen errausteko ekintza oro erabat hutsala iruditzen zaio. Suntsiketa olde guztien kontra altxatuko dela hitz ematen du. Baina jendeak behar du ikasi, hala ere, ordenagailuez eta teknika numerikoez ez mesfidatzen, gizakia bera makina horien emendakin bat baino ez dela ulertzen. Lagun abegikor datorkigu beraz, hainbat konkistatzaileren pare, ezpata bizkarrean gordetzen duen bake ekarle.

Bide onean gaude. Aurten, koronabirusaren pandemiari esker, Silicon Valleyko enpresari apurrak aberats okitzen dituzten tramankuluen zale amorratuak egin gara. Beste aterabiderik ez genuelako, etxean entzerratuak izanki windows edo leiho bakarrekin. Tresna bakoitzak bere magia eta bere sedukzio boterea erakutsi digu, eta gu zoratuak, gure askatasuna biderkatzen dutela sinestetik ez urrun. Ez gara amishak, ez dugu olio lanpara edo ezko-argia erabiltzen, irekiak gara, eta robotek guretzat lan egin dezaten onartzeko prest.

Eta orain nire galdera: zutabegileon lana, zalantzan ote da? Errazagoa izanen da menturaz robot bat euskaraz programatzea, artikuluak, hitz eroso eta gramatika egokiarekin idatzi ditzan, euskalkien partikularismo akigarriak ezabatuz. Baina, lasai, entzule, ez gara horretan: The Guardian-eko zuzentzaileak jakin arazi du, ohikoan baino lan gehiago ukan duela, GPT-3k errun kronika editatzen eta errez irakurtzeko moduan moldatzen.

Bere itzal argiekin, bego humanoa lehen, ezta?"

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)