Etxerik gabekoak
'Etxegabeen auzia ez da desagertuko gu estu hartuz'
Baionan etxerik gabe direnen testigantza jaso du Mikel Rotaetxe lankideak. 'Aterpe behar gorria' dagoela eta 'luzera begirako planteamendu politikoa' behar dela gaineratu du Pantxika Ibarburuk.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Baiona Ttipiko Monoprix merkatuaren aterpean egon ohi da Katia, begien urdinez jendearen joan-etorriari begira. Aita errusiarra zuen, ijitoa. Ama, Alpeetakoa, Chichiliengoa. Eta 32 eta 24 urteko alabak ditu Suitzatik gertu, Macheyenne eta Nina. Hamar urte daramatza Katiak kale gorrian, azkenak Lapurdiko hiriburuan; gaur oraindik ere bere buruari galdetzen dio ea nola, zergatik bukatu duen bakarrik eta aterperik gabe. Erruz egin omen du lan, hala dio, alabak aurrera ateratzeko. Baina bizitzaren gorabeherek, eta esan digunez, jende gaiztoarekin harremantzeak, etxegabe izatera eraman dute. Iragan ostegunean protestan irten zen Katia, kale segurtasuna babesteko aitzakiarekin, udalak onartutako dekretuak etxegabeak diskriminatzen dituela salatzeko. Araudiak, hitzez hitz, karriken gehiegizko okupazioa debekatu du goizeko zortzietatik gauerdira, herritarren joan-etorria dagoen tokietan lurrean jarririk edo etzanik egotea ere galarazi du, bi txakur baino gehiago izatea... edo sukalderako gailuak, bazkaltzeko tresnak, eta oihalak edo lo-zorroak zabaltzeko materiala pilatzea.
Teodorrek dio aberatsek ez dituztela pobreak sinisten, inoiz: 'Baionako auzapezak ez du ezagutzen egoeraren larria eta araudi soil batekin arazoa desagertuko dela pentsatzea da horren erakuslea. 74 urte ditu, errumaniarra da eta etxegabea duela bost urtetik. Egunerokoa...jaki puxka bat erosteko adina diru lortzea, hiriko lorategietan lo egitea, aterpean zenbaitetan, eta bere txakurren konpainian. Esan digunez, politikariak nahiko lituzke ikusi egun batez egoera horretan bizitzen. Teodorren errealitatea da baina edozein etxegaberena izan zitekeen, Adamena, esaterako. Poloniarra da, Suitzan bizi izandakoa eta gurean bukatu du. Baionako parkeak egin baititu loleku, eta esan digunez, geroz eta jarrera oldarkorragoa jasotzen dute poliziaren partetik. Marokon jaio zen Rachad, Andaluzian hazi, han ezkondu, alabak izan, banandu eta gurera etorritakoa da. Ez diogu inori minik edo kalterik egiten, udalak dionaren aurka, egoera zailean besterik ez gaude, kalean 24 orduz. Eta etxegabeen auzia ez da desagertuko gu estu hartuz. Ez gara egun batetik bestera karrika hauetatik desagertuko.
Iritzi horrekin bat egin du Pantxika Ibarburu Aterbea elkarteko ordezkariak ere. 'Orain are egindakoa ez da aski', esan du, 'Aterpe behar gorria dago' eta luzera begirako 'proposamen politikoa behar da'.