Jardunaldi jarraitua eskolean
Haur eta lehen hezkuntzan ordutegi trinkoa ezarri beharko litzake?
EAEn 10.000 familiak bat egin dute haur eta lehen hezkuntzan jardunaldi jarraitua eskatzen duen plataformarekin, baina ekimenak zalantza asko pizten ditu. Iritzi guztiak bildu ditugu "Faktoria"n.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Ikastetxeetan, maila guztietan, jardunaldi jarraitua eskatzeko ekimena ez da berria Euskadin baina, pandemiak eztabaida berpiztu du. Hilabete hasiera, 25 bat lagun baino ez ziren ordutegi trinkoa eskatzen zuten plataformako kide. Arabakoak guztiak. Koronabirusaren eraginez, eskola askotan jantoki zerbitzua eten izanak, hauspoa eman dio eskariari eta atzo arte 10.000 pasa ziren ordutegi jarraitua eskatzen zuten familiak.
Bergoi Madernaz guraso horietako bat da. Gasteiztarra, Zabalgana eskolako aita eta ordutegi jarraituaren eskariarekin hasieratik bat egin duena. Euskadi mailako plataformako koordinazio taldeko kidea da eta ez du zalantzarik: 'ordutegia berregituratu behar da, are gehiago momentu honetan, pandemiarekin. Kontziliazioan lagunduko du. Ez da guztientzat eta betirako proposamena baina, orain, pandemian, jantoki zerbitzurik gabe, lau aldiz joan behar dugu gurasoek eskolara haurrak eramatea eta kutsatzeko arriskua handitzen du'.
Ez du iritzi berdina Amelia Barquinek, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta kultur arteko hezkuntza adituak. Galdera asko sortzen dizkio gaiak: 'familia mota ari da aldaketa eskatzen, nori komeni zaio? erdi mailako guraso payo txuriei egingo die mesede' esan du Faktorian Barquinek eta gaineratu du, haurren artean bereizketa sortuko dela.
Nafarroan ez da eredu berria. 2017-2018 ikasturtetik, hala nahi zuten eskoletan jardunaldi trinkoa ezarri zen eta ez ditu emaitza txarrak utzi, Ander Domblas irakaslearen hitzetan. Bera izan zen eskoletan ordutegi jarraitua ezartzeko aurkeztu ziren proiektuak aztertu zituena baina, Gonzalo Larruzeak didaktikan doktoreak alde iluna ikusten dio ordutegia pilatuari: 'egin diren ikerketa apurrek erakutsi ditu, emaitza akademiko txarragoak lortzen direla.
Guztien iritziak jaso ditugu, "Faktoria" albistegian.