Iñigo Urkullu
'Ez ditugu atseginez hartu Espainiako gobernuak Madrilgoarekin adostutako neurriak'
Euskadi Irratia
Urkulluk, bestalde, Jaurlaritzak GESTAMPekin hitz egingo duela esan du, ez delako "zilegi" diru publikoa jasotzen duen enpresa batek kaleratzeak "besterik gabe" iragartzea.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariak Euskadi Irratiko 'Faktoria'n gogor salatu du Espainiako Gobernuak eta Madrilgo erkidegoak adostutakoa, 100.000tik gora biztanle dituzten hirietan irizpide berak ezartzeko, eta azpimarratu du ezin dela onartu "alarma egoera mozorrotu bat ezartzea”. Osasun ministerioarekin harremanetan bazeudela jakinarazi du eta tokian tokiko neurriak defendatu ditu. Udazkenari begira, bestalde, ez du komenigarri jo pandemiari aurre egiteko neurriak arintzea, aitzitik, agian zorroztu egin beharko direla gehitu du.
Osasun zerbitzua indartzeko eskariez galdetuta, Urkulluk esan du ulertzen dituela aldarrikapenak baina errealitatetik abiatu behar dela erantsi du: “Osasun langileen eskaria ulergarria baina ezin da beti gehiago, beti gehiago eskatu. Errealitatetik abiatu behar da ulertuz mugak badirela bai prozedura aldetik eta bai aurrekontu aldetik ere. Gure konpromisoa 4.000 lanpostu egonkortzea da baina kontratazioak ezin dira egun batetik bestera egin”.
BIDEOA: Urkulluk ez ditu gustuko Espainiako eta Madrilgo Gobernuek adostutako osasun neurriak.
Hezkuntzari buruz berriz, defendatu du ikasle kopurua jaitsita irakasleriari eutsi egin ziola eta irailean bertan 3.300 ordezko irakasle kontratatu direla. Jaurlaritza berandu ari ote den galdetuta, lehendakariak erantzun du inork ez zekiela irailean zein izango zen egoera eta erantsi du, “irailera arte ikastetxeak itxita egin dira; gu lanean aritu gara”.
GESTAMPek iragarri dituen kaleratzeei buruz aurrez ez diela ezer aurreratu jakinarazi du eta ez du zilegi jo ikerketarako diru publikoa jasotzen duen enpresa horrek besterik gabe kaleratzeak iragartzea. Gainera, datozen bi urteak oso gogorrak izango direla eta enplegua suntsitzen jarraituko dela esan du. Jaurlaritzak enplegu egonkorra sor dadin lagunduko duela adierazi du, baina, erantsiz, ezin zaiola muzin egin edozein kontraturi.
BIDEOA: Urkulluk ez du ''zilegi'' ikusten diru publikoa jaso eta kaleratzeak iragartzea
Bestalde, Jaurlaritzaren lehendakariak jakinarazi du Aldundien defizit maila % 0,9 ingurukoa izango dela eta horixe berritsiko duela itun ekonomikoaren batzorde bitarikoak gaur arratsaldean, San Inazio egunean Pedro Sanchezekin adostu bezala. Zergak ez ukitzearen alde mintzatu da: “Ez da unea ez jeisteko ez igotzeko ezta ere. Jaitsiz gero nola eutsiko diogu aurrenkotu pulbiko bati, non % 80 gizarte gastuetara bideratuta dagoen? Eta zergak igoz gero, nola, enpresak galeratan badaude?”.