Laura Garrido
'EAJk dio auzolana duela helburu, baina Urkulluk ez du telefonorik hartzen'
Laura Garridok dio badirudiela beste alderdiekin bilduko dela azkenean, baina berandu dela salatu du. Pandemia lehentasuna izan arren, beste politika batzuk gauzatzeko bidea egiteko ere eskatu dio.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Laura Garrido, Euskadiko PPren idazkari nagusi berriak 'Faktoria'n adierazi du euren alderdian integrazioa eta batasuna beharrezkoak direla, eta Carlos Iturgaiz presidente izendatu berriak rol hori ongi beteko duela uste du, alderdia ondo ezagutzen duelako eta "batzen duen pertsona" delako. Azken hauteskundeetan emaitza txarrak izan zituzten, Garridoren hitzetan, panorama politikoa irekiagoa dagoelako eta guztia polarizatuagoa dagoelako, baina euren zuzendaritza berria lan egiteko gogoz dagoela eta PPren "esparrua zabaltzeko plangintza egiten" ari direla nabarmendu du.
"Iñigo Urkulluk ez du telefonorik hartzen"
Maddalen Iriartek iragan astean salatutakoaren bidetik, Garridok esan du EAJk auzolana helburu duela esan arren, ez dutela "telefonorik hartzen". "Orain badirudi beste alderdiokin bilduko direla, egoera salatu dugulako, baina berandu da", esan du. Bestalde, pandemia lehentasuna bada ere, Iñigo Urkullu buru duen Jaurlaritzak "beste politika zehatz batzuk ere bete behar ditu", ordezkari popularraren esanetan. Izan ere, aurreko legealdian Jaurlaritzaren konpromisoak ziren erronka asko (langabezia, hezkuntza, adinekoen egoitzak, demografia...) bertan behera geratu ziren, eta Garridok espero du orain konpromiso horiek betetzeko bideak jartzen hasiko direla. Izan ere, bere hitzetan, "pandemia lehentasuna da, baina beste politika zehatz batzuk ere behar dira".
"Pandemiaren kudeaketan lidergo falta"
Pandemiaren egoera Euskal Autonomia Erkidegoan kezkagarritzat jo du Laura Garridok, eta hasieran Jaurlaritzak inprobisatu egin zuela eta lidergo falta izan zuela salatu du. Gainera, Espainiako gobernuak eta Jaurlaritzak txostenak mahai gainean zituztela esan du, baina informazioa ezkutatu zutela eta ez zituztela behar ziren erabakiak hartu behar zenean.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia gehiengo absolutuarekin berritu ahal izateko PSOEk eta Unidas Podemosek erregistratu duten lege-proposamena onartezintzat jo du Euskadiko PPren idazkari nagusiak: "arauak aldatu nahi dituzte arauak nahi dituzten moduan egiteko eta beren helburuak betetzeko; hori oso larria da demokrazia batean".
Okupazioa
Carlos Iturgaiz buru duen alderdiak bat egingo du gaur Espainia mailan PPk okupazioaren kontra abiatu duen kanpainarekin. Sinadura bilketa jarri dute martxan hainbat kasu ezagun adibide gisa jarrita, eta Garridok aipatu du proposamen hori transbertsala dela arazoarekin bukatzeko. "Arazoa larria da Bilboko eta Gasteizko auzo batzuetan, adibidez, eta ardura dugunok ezin dugu beste alde batera begiratu". Juan Mari Aburto eta Gorka Urtaran Bilboko eta Gasteizko alkateen jarrera salatu du.