Itxi

Mikel Irizar

'Itziar, gure Pep?'

'Alardea' telesaila abiapuntu hartuta, Itziar Ituño aktorearen fenomenoa sare sozialetan eta hark herrigintzarekin erakusten duen konpromisoa aipatu ditu Mikel Irizarrek bere 'Sinadura'n.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Mikel Irizarren 'Sinadura', "Faktorian.

"Aspaldiko partez ETB1 fikzio propioa ematen ari da, astean behin: Alardea seriea, hain zuzen. Kritika zorrotzak jaso ditu, eta ikusle zifrak ez dira onak. Baina saioa soka luzea izaten ari da sare sozialetan, batez ere portugesez. Bai, badirudi Itziar Ituño seriearen protagonista idolo mirestua dela, munduan zehar; eta, bereziki, Portugalen eta Brasilen. Urte asko darama euskarazko telebistan eta zineman lanean, baina Espainiako serie batek ekarri dio arrakasta, antza. Eta miresten duten ikusleek jarraipen estua egiten diote Itziarren urrats bakoitzari, baita tutik ere ulertzen ez duten euskaraz emandako serie bat bada ere. Parentesi artean: zergatik ez du ETB1ek azpitituluen aukera sistematikoki eskaintzen?

Kontua da serien fenomenoak sare sozialetan aurkitu duela osagarri perfektua, eta bide horretatik ari direla sortzen mundu mailako idolo berriak. Gure Itziar da horietako bat, orain jabetzen ari garenez. Horren adibide berriena da joan den astean HamaikaGara herri ekimenaren sinadura kanpaina sustatzeko Itziar Ituñok eta Dupla taldeak egin duten abestia eta bideo-klipa. Kasu honetan ere berehala iritsi da mezu mordoa portugesez, goraipatuz Itzik ze ondo abesten eta dantzatzen duen.

Azken bideo honen harira, aipagarria da Itziar Ituñok erakusten duen konpromisoa herrigintzarekin. Ohikoa da bere presentzia dinamika sozialen ekitaldietan; hain ohikoa eta arrunta, kosta egiten zaigula mundu zabalean dioten miresmena kalibratzea. Baina konpromisoa hor dago, behin eta berriro. Esangurastua izan da jaso duen azken sariaren ekitaldira Altxa.Erabaki zioen HamaikaGara ekimenaren kamiseta jantzita joan izana. Natural, zalaparta handirik gabe.

 Munduan ezagun, eta aldi berean hurbilekoarekin konprometitua izate horrek txio esanguratsu bat eragin berri du. Hitzez hitz, hau dio: Itziar Ituño da gure Pep Guardiola?".

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)