Itxi

Hasier Arraiz

"Rockero zaharrak"

Bruce Springsteenen disko berritik abiatuta, rockaren narratiba herrikoia izan du hizpide Hasier Arraizek gaurko 'Sinadura'n.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Hasier Arraizen 'Sinadura, "Faktoria"n.

"Bihar, urriak 25, Bruce Springsteenek disko berria, Letter for you, argitara aterako du. Albiste ona da ‘rock and roll’aren kulturan hezi garen askorentzat, ia gure bizitza osoan The River disko mitikoaren sortzaileari jarraitu izan diogulako.

Pozik egoteko arrazoi txiki bat, garai bitxi eta gorabeheratsu honetan, rock klasikoaren akordeak eta doinuen energia maite ditugunontzat, dagoeneko aditu dutenek azken urte luzetan Springsteenek grabatutako diskorik onena omen baita.

Ez dakit, ordea, New Jerseykoaren azken diskoa izango ote den, baina nire baitan ahots batek xuxurlatzen dit disko honek badaukala nonbait agurren kutsua.

Rock musikak, nire iritziz, ezin hobeto kontatu du XX. mendeko bigarren zatia. Soinutan askatasun egarria irudikatzeko gaitasuna izan du, mendean zehar hori izan baitzen nagusi justizia sozialaren beharrarekin batera. Rock-a pasa den mendeko botereen aurrean erresistentziaren eta errebeldiaren doinua izan da. Hiru akordez baliatuta, zenbait belaunaldik aurrekoei adierazi zien ez zutela batere gustuko haiek utzitako mundua, are gehiago, ezinbestean aldatu beharra zegoela. Gazte haiek bateria baten, gitarra eta baxu elektrikoen laguntzaz, sarritan oihuka, eta askotan musika- hizkuntzaz gehiegi jakin gabe, lotsagabekeria kultura bilakatu zuten. Zalantzarik gabe, rock-a nire belaunaldiaren nostalgiaren soinu banda da.

Halere, ez da, XXI. mendea kontatuko duen narratiba. Hala sentitzen dut. Rockak dagoeneko utzi dio gure garaiaren narratiba herrikoia izateari. Jakina, lehengo eta egungo rockzaleok biltzen jarraituko dugu, gero eta ugariagoak diren ile urdinen eta soilguneen klubean. Rock disko eta rock kontzertu gehiago egongo baita, gaur egun jazz disko berriak eta jazz kontzertuak dauden bezala. Eta guk, klub horretako zaleok, rock-arekin gozatuz narratiba zaharrei helduta segituko dugu, baina ez legoke gaizki gure garaiaren narratiba berrietarako prestatzen hastea.

Komeni da XXI. mendea, guk gustuko izan ala izan ez, kontatuko duten soinuak eta doinuak aditzeko eta ulertzeko belarriak eta, batez ere, buruak irekitzen hastea.

Hau guztia esanda, baliteke rock-a bera metafora gisa erabili izana, ala baliteke ezetz, rockzale baten kantu nostalgikoa besterik ez izatea. Batek daki".

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)