Pedro Azpiazu
'Pandemia erdi kontrolatuta zegoela pentsatuz egin genituen aurreikuspen ekonomikoak'
Hala ere, lasaitasunerako mezua zabaldu du Ogasun sailburuak eta datorren urterako adierazle onek aurtengo ekonomiaren uzkurtzea "nolabait konpentsatuko" duten esperantza agertu du.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Jaurlaritzak egindako aurreikuspen ekonomikoak 'pandemia erdi kontrolatuta zegoela pentsatuz egindakoak' direla aitortu du Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak "Faktoria"n egindako elkarrizketan. Nolanahi ere, momentuz, horiei eusten diela azpimarratu du eta lasaitasunerako deia egin du, bigarren olatu honek ekonomian izan dezakeen eraginaz galdetuta. Eta egoera okerra egin eta neurri murriztaile gehiago hartuko balira, egoera aztertu eta gehien kaltetutako sektoreei laguntzeko neurri berezi gehiago hartuko direla agindu du: "Hasi ginen, martxoan bertan, laguntzak eta dirua sektore jakinei, enpresei, autonomoei. Eta orain ere, gauzak larriagotzen badira, erabakiak hartuko ditugu laguntzeko", esan du.
Eustatek kaleratu dituen hirugarren hiruhilabeteko enpleguaren datuez berriz, hiru mila lanpostu sortu izana albiste ona dela uste du baina zehaztu du langabezia ez dela %10era jaitsi enplegu asko sortu delako, jendea lana bilatzen ari ez delako baizik. Edozelan ere, gauzak dauden bezala, 2020an 30 mila lanpostu galtzea prebisio nahiko ona dela deritzo Pedro Azpiazu Jaurlaritzako ekonomia sailburuak.
Ekonomia adierazleei begiratuta, hurrengo urtean "hazkunde garrantzitsua" izango den esperantza berretsi du eta horrek ekonomiaren uzkurtzea "nolabait konpentsatzea2 ekarriko lukeela.