Itxi

Mikel Irizar

'Euskara lan hitzarmenetan'

Mikel Irizar

Kontseiluak ELA eta LAB sindikatuekin lan hitzafrmenetan euskara planak txertatzeko adostutakoa izan du hizpide MIkel Irizarrek bere 'Sinadura'n.

Your browser doesn’t support HTML5 audio

Mikel Irizarren 'Sinadura' "Faktoria"n.

"Lan hitzarmenen negoziazioan enpresako euskara planak sartzeko ekimena txalotu egiten dut, norabide egokian doalako.

 

Azken urteotan eraldatu egin dira euskararen aldeko diskurtsoa eta jarduna, ireki egin dira esparru berrietara, eta balio unibertsalekin uztartu. Lehen lerroan ikusi nuen: Gipuzkoako aldundian Euskara zuzendaritza bihurtu genuenean Hizkuntza Berdintasunekoa, nola ireki ziren mila aukera berri eta nola euskara kokatu zen erakundearen politiken ardatzean. Izan ere, hiztunen arteko berdintasuna ezinbesteko baldintza da bizikidetzarako, eta hau guztion ardura da.

 

Justizia da beste balio unibertsal bat. Eta justizia zor zaio euskarari, hamarkada luzez debekatu eta jazarri egin dutelako. Nik neuk ezin izan nuen euskal eskolan ikasi, debekatuta zegoelako. Euskara menpeko egoeran jartzeko ahalegin handiak egin dira, justiziazkoa da orain beste hizkuntzen gainetik sustatzea.

 

Beste kontzeptu interesgarri bat da hizkuntza eskubideena; eskubideak defendatzea, oro har, denok ontzat ematen dugulako. Alde honetatik, oinarri sendoa jarri zuen 2016an Kontseiluak gidatutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak. Han aipatzen da hizkuntza eskubideak giza eskubideak direla eta langileek eskubidea dutela lantokian hizkuntza gutxituan lan egiteko. Hain zuzen, horri bide ematera dator ekimena.

 

Kasu honetan, gainera, langileen eskubide hori bat dator enpresen interesarekin. Izan ere, gero eta zabalagoa da enpresei gai sozialetan eskatzen zaien erantzukizuna: dela ingurumena, langileen duintasuna, genero berdintasuna, eta baita kokatzen diren lurraldearen kultura eta hizkuntza ere... Horiek guztiak zaintzeak langileen inplikazioa areagotzen du, enpresei ospe ona ematen die, eta komunitatearekin uztartzen ditu; eta horrela posibleago dute egonkortasuna.

 

Labur esanda: ekimen honi esker, enpresei berez komeni zaien norabide horretan sindikatuen eta gizarte eragileen lankidetza gehitzen bazaie, gure herrigintzak jauzi oso baliotsua egingo luke".

Audioak (1)

Informazio gehiago (2)