Izenak eta izanak
Fausto, Jacques eta Eddy Garate anaiak... Coppi, Anquetil eta Merckx-en omenez
German Garatek afizio gogorra zuen txirrindularitzarako. Nazioarteko epaile bazen eta munduko proba entzutetsuenetan ibili zen. Hiru semeei ziklismoko hiru mitoren izenak jarri zizkien.
Your browser doesn’t support HTML5 audio
Franco bizi zen artean Fausto jaio zenean, eta izenak jartzeko-eta ez zegoen gaurko askatasunik. Horregatik, agian, Fausto jarri ziotenean, aitaita Faustinogatik zela esan zuten, baina Fausto Coppi campionissimoagatik ere bazen. Gero etorri zen Jacques Garate, "Anquetil-engatik jarri zidaten, baina Azkoitian inork ez dit sekula frantses eran deitu, Jakes esaten didate". Gazteenari Eddy jarri zioten, eta bi Eddyk kontatu digu nola bi Eddyek, Garatek eta Merckxek elkar ezagutu duten, nahiz bera ez den enkontruaz oroitzen.
Ziklismoak Azkoitiko familia honen izenean eta izanean eragindako istorioak kontatu dizkigute; nola beren ita zenaren koadrillan ziklismo zale itsuak ziren eta Fausto Coppiren brontzezko busto bat ibiltzen zuten etxez etxe, nola Giuseppe Saronnirena izandako bizikleta bat darabilen Eddyren semeak, nola hiruretako batek semeari Lance jartzeko burutazioa izan zuen.. beno, ez, azken hori txantxetan esan digute.
Hiru anaiekin egindako berriketaldiaren ondotik Joxemari Apaolazak hartu du hitza. Apaolazak Coppi, Anquetil eta Merckxen bizitzako pasarte gogoangarri batzuk kontatu dizkigu.